Sari erraldoia, ikasitakoari

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ekainaren 10a

Hirukideko haurrek Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren bisita jaso dute, gaur, azken hilabeteotan landu duten ulermen prozesua biribiltzeko.

Herriko sinboloak identifikatu eta haien inguruan arteaz, matematikez, hizkuntzaz edo musikaz jarduteko, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa ardatz izan dute, azken hilabeteotan, Hirukide ikastetxeko Haur Hezkuntzako neska-mutilek. Egindako lan horren guztiaren truke, oparia jaso dute, gaur, patioan, pozarren.

Ikasle bakoitzak berrerabilitako materialarekin buruhandi bana egin du, pixkana, gurasoen laguntzaz, eta Hirukideko buruhandi zaharkituak berritzen ere aritu da guraso talde bat. Konpartsako arduradun Iñaki Moyuak Hirukideko jardunaren berri izan zuenean, ordea, sekulako ezustekoa jaso zuela azaldu du Joseba Antxustegietxarte irakasleak, eta bisita egitea proposatu zien irakasleei.

Horrela, haurren txalo eta algara zaparrada eromena izan dira jolastokian, eta eurek ere dantza egin diete panpina erraldoiei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!