Zapi gorriak mende laurdenari

Mikel Iraola 2016ko eka. 8a, 20:51
Iurre elkartean egin dute jaiaren aurkezpena, Xabier Balerdi eta Maria Imaz hizlari zirela.

Iurreko bizilagunek auzoaren 25. urteurrena ospatuko dute ekainaren 18an; goizetik gauera arteko egitaraua izango dute

Zenbatetan esan izan ote dugun Iurren festaren bat antolatu behar genuela!. Iurreko hainbat auzokidek elkarri esandakoak dira. Bada, inoiz ez da berandu, eta 25 urteren ondoren, festa giroa izango da nagusi auzoan, egun batez bada ere. Hurrengo larunbata, ekainaren 18a aukeratu dute horretarako.

Auzoko musikariek osatutako txarangaren doinuekin esnatuko dira egun horretan iurretarrak. Ondoren, jolaserako tartea izango da. Makina bat txapelketa eta haur jolas antolatu dituzte. Guztiak doakoak izango dira, eta unean bertan eman beharko da izena. Ondoren, auzotarrek prestatutako tortilla patatak dastatzeko unea izango da. Pintxo-potea egingo dute biltzen dituzten tortilla guztiekin.

Eguneko ekitaldirik fuerteena auzo-bazkaria izango da. 200 auzotar inguru batzea aurreikusi dute antolatzaileek. Txartelak dagoeneko salgai jarri dituzte lau puntutan, 20 euroren truke helduen kasuan, eta zortzi euroko salneurrian, haurrenean.

Egunari musika doinuekin emango diote amaiera. Bazkalostean karaokea izango da; eta gauean, berriz, Josetxo Guiu eta Kanu Ortegak emanaldia eskainiko dute taberna dagoen plazan.

Festa «xumea» izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, baina garrantzitsuena eguna bera «giro onean» pasatzea dela diote: «Baliabide gutxirekin antolatu dugu festa. Bide batez, eskertzekoa izan da babesleen laguntza. Hala ere, nahi duguna da auzotarrok bildu eta umore onez egun ona igarotzea».

Hain zuzen, festa antolatzeko gastuei aurre egiteko zapi gorriak ari dira saltzen. Zapi horietarako ikur gisa, gainera, Iñaki Epelde zenak auzoari eskainitako margolana aukeratu dute.

EGITARAUA

EKAINAK 18, LARUNBATA
09:30. Diana, auzoko txarangaren eskutik.
11:00. Haurrentzako jolasak eta txapelketen hasiera: 3x3 saskibaloia, Toka, Soka-Tira mistoa...
12:00. Pintxo-potea auzoko tabernatik anbigura, auzotarrek prestatutako tortilla patatekin.
14:30. Auzo-bazkaria.
18:00. Karaokea
19:00. Txanpi-dastaketa anbiguan
21:00. Afaria, norberak eramandakoarekin. Txoznan edaria erosi ahal izango da.
22:30.Guateke freskito de verano’, Josetxo Guiu eta Kanu Ortegaren eskutik.

AUZO BAZKARIA: MENUA
Helduak (20 EURO)

  • Aperitiboa
  • Entsaladilla errusiarra
  • Urdaiazpiko eta arrautzaren aliolia
  • Entsalada mistoa
  • Bakailaoa piperradan
  • Haragai gisatua
  • Pantxineta tarta
  • Kafea, ardo berezia, sagardoa eta txupitoa

Haurrak (8 EURO)

  • Makarroiak
  • Petxuga albardatuta
  • Izozkia

(*) Txartelak salgai daude dagoeneko Iurre Tabernan, Eroskin, Elustondo Elektrizitate denan eta Jose Ramon harategian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!