Emakumeak baztertzeak "inolako zentzurik ez duela" nabarmenduz, Ernairen ekintza salatu du Ahal Duguk

Tolosaldeko Ataria 2016ko ekainaren 3a

Elkarteek izan ditzaketen jokabide matxisten aurka "zorrotz" jokatuko dutela azalduz, pintaden afera "iraganean geratu beharko zukeen jokabidea" dela dio alderdi politikoak.

Ika-mika piztu da Tolosan, zenbait elkarte gastronomikotan jokabide matxistak salatuz agertutako pintaden harira. Tolosako Ernai izan zen adierazpenak egiten lehena, ekintza bere gain hartuz, eta Tolosako Udalak ere arratsaldean erantzun zion auziari, aldarrikapen mezuak margotu izana "irmoki" salatuz.

Bere aldetik, Tolosako Ahal Duguk elkarte gastronomikoen jokabide matxistak salatzeko ekintza gaitzetsi egin du, "aldarrikapen eredua" dela eta: "Iraganean geratu beharko zuketen aldarrikapen moduak dira, eta ez dute inolako aurrerapausorik ematen, herritarren arteko liskarrak sustatzen dituzte".

Hala ere, alderdi politikoaren iritziz, "emakumeek elkarteetako bazkide izateko debekuak ez du inolako zentzurik", eta berdintasunaren aldeko borroka "esparru guztietara" zabaldu behar dela defendatu dute adierazpenean: "Ezin zaio pertsona bati zerbait debekatu bere sexuagatik".

Horrela, beraz, genero bazterketaren inguruko aldarriak "beste bide batetik etortzea" eskatuz, modu berean "babesa" eskaini diete "bazterketa hori jasan izan duten emakume guztiei": "Jokabide horien aurka zorrotz ariko gara, eta jarrera horien aurkako edozein ekintzari babesa emango diogu Podemos-Ahal dugu Tolosatik, betiere errespetu faltarik gabe eta eraikitzeko asmoz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!