2,3 milioi euroko kreditu aldaketa onartu du udalak, hainbat inbertsiotarako

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 1a, 14:10

Besteak beste, Paper kalean, Gaztelako atean, Bidebieta eta Izaskun auzoetan nahiz Oriaburu eraikinean obrak egingo dituzte.

Urteko bigarren kreditu aldaketa onartu zuten, atzo, ohiko osoko bilkuran, oposizioaren "kezkaren" aurrean. 2.373.300 euroko aldaketa izango da, eta "etorkizunean oinarri-oinarrizkoak izan daitezkeen proiektuak gauzatzeko erabakia" izan dela nabarmendu zuen Olatz Peon Tolosako alkateak.

Begoña Tolosa zinegotzi jeltzaleak xehatu zuen kreditu aldaketaren inguruko informazioa eta, ezer baino lehen, "proposamen hori egiteko, atzean lan handia" dagoela azpimarratu nahi izan zuen. Horrela, 2,3 milioi euroko kreditu aldaketa gauzatzeko lau iturri baliatu ditu udal gobernuak: 22.500 euro kreditu transferentzia bitartez jaso dituzte; kanpo ekarpenetatik bideratu dituzte 36.782 euro; 8.800 euro, berriz, gastu gerakinetik eta, azkenik, 2.327.718 euro bideratu dituzte, kreditu aldaketara, gerakinetik.

Proiektu berrien zerrenda

Begoña Tolosak 2,3 milioi euro horiek zertarako baliatuko dituzten azaldu zuen bere tartean. Batetik, udal langileen 2012ko aparteko paga ordaintzeko 185.000 euro erabiliko dituzte. Horrez gain, Bidebieta auzoan, Izaskun auzoan eta Bizkai kalean irisgarritasuna hobetzeko lanak burutu nahi dituzte, 636.000 euro erabiliz. Paper kalean eta Paper eskolatik gorako aldapan, berriz, berrurbanizatze proiektua gauzatzea aurreikusi du udal gobernuak, eta 435.000 euro beharko dituzte horretarako. 

Obrekin jarraituz, Oriaburu eraikinean egokitzapen gehiago egiteko asmoa du udalak, 120.000 eurorekin, co-working espazio bat sortzeko: "Tolosaldea Garatzenekin batera egingo dugu, eta benetan garrantzitsua izango da enplegua sustatzeko", dio Peon alkateak.

Era berean, bigarren kreditu aldaketaren helburuetako bat Berazubiko auzo elkarteari lokal bat egokitzearena da, 141.000 euroko aurrekontuarekin. Ferialekuan, berriz, jada martxan diren konponketez gain, Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren gunea txukundu egingo dute, 120.000 eurorekin.

Olatz Peon alkateak "proiektuen karpetak beteta" egon behar duela azaldu zuen, eta zehazturiko egitasmoekin batera, "beste hainbat" esku artean darabiltzatela azpimarratu. Besteak beste: Nafarroa etorbidea hurrengo urtean berrurbanizatzeko proiektua; Oria ibaia berreskuratu eta erabilera soziala emateko ikerketa; Tolosako enpresa ehuna bultzatzeko azterketa; herriko pobreziaren diagnostikoa; Tolosako janari bankuari diru laguntza; Gogora institutuak antolaturiko Memoriaren plaza erakusketa ibiltariari diru laguntza; txotxongiloen Aviama eta Unima kongresuei diru laguntza; zezen plazako segurtasun plana betetzeko lehenengo obra; eta, azkenik, zezen plazari berari bestelako erabilera emateko ikerketa, tartean, plaza estaltzeko aukera aztertuz.

"Eztabaida edo ebazpen gune?"

Euskal Herria Bilduko oposizioari "kezka" sortu dio kreditu aldaketatik eratorritako afera batek, bilkuran azaldu zutenez: "Kreditu aldaketarekin arazorik ez dugu, baina larrituta gaude zuen funtzionamenduarekin. Izan ere, aurrekontu batek urteko lan-ildo eta asmo nagusiak bildu behar ditu, eta kreditu aldaketaren ondoren egingo dituzuen egitasmo asko ez zeuden urte osorako proposamenean, inprobisazioa dirudi", salatu zuen Lore Agirrek. Bide horretan, gainera, "larria iruditzen zaigu 2 milioitik gora euro, hau da, aurrekontuaren ia %10, gerakinetik txertatzea".

Era berean, EH Bilduko udal taldeak agerraldi batean plazaratutakoak ere azaldu zituen udaletxeko pleno aretoan. Finean, "bertan behera geratutako proiektuei berriz ekitea" galdegin du oposizioak, iazko parte hartze prozesuari begira jarriz: "Merkataritza suspertzeko, adibidez, 100.000 euro gordeta zeuden, eta ez dituzue erabili. Gure ustez, Kale Nagusian gauzatutako Tolosa Merkat Berdura plazan ere aurrera eraman liteke", azaldu zuen Lore Agirrek. Oposizioaren ustez, "agintaldi honetako batzarrak ebazpen eta erabakiak plazaratzeko foro bilakatu dira, eztabaidagune izan beharrean".

Gobernuaren iritziz, ordea, "proiektu guztiak ez dira estrapolatzeko modukoak izaten" eta, beraz, horrelako gaiak Tolosa&Co elkartearekin batera aztertu beharrekotzat dituzte, Begoña Tolosak zehaztu zuenez.

Osasun mahaiari ezezkoa

Gaiak bost urte daramatza pil-pilean, eta oraindik ez da txinpartarik itzali. Tolosako Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arteko hitzarmena azaroan amaituko da eta, horren harira, ospitale publiko baten aldeko herritar, eragile nahiz ordezkari politikoek lanean darraite.

Bide horretan, Tolosako EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen osoko bilkuran eta, besteak beste, osasun zerbitzuaren gainbehera eta "klinikak jaurlaritzarekin duen 4 milioi euroko zorra ez ordaintzeko trikimailuak" azpimarratu zituzten. Oposizioaren iritziz, azaroan "une historiko baten aurrean" izango da eskualdeko biztanleria eta, beraz, bi eskaera bideratu nahi izan zituzten mozioaren bitartez: "Bost urteotako hitzarmenaren balorazio tekniko eta ekonomikoa egitea, batetik, eta eskualdeko eragileak eta osasun eragileak elkartuko dituen osasun mahaia osatzea, parte hartze bidez Tolosaldeko osasun arretaren norabidea erabakitzeko".

PSE-EEko zinegotzi Cristian Fernandezek abstentzioaren alde egin zuen, "gai hori ez baita udalen eskumenekoa". EAJk, aldiz, ezezkoa eman zion mozioari, besteak beste, mezuarekin bat ez zetozelako: "Balorazio inkestak beti positiboak izan dira, eta hitzarmenak zerbitzu homologatu bat eskaintzen dio eskualdeari; kalitatezko zerbitzu bat emateko hainbat bitarteko erabil daitezke, baina helburua beti bera da. Gainera, urtebete daramagu Asuncion klinikarekin elkarlanean prebentzio mahaian, eta balorazioa oso ona da", azaldu zuen Olatz Peon alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!