"Bertan behera utzitako 2015eko proiektuak abiaraztea" eskatu du EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 11a, 20:00
Inaki Irazabalbeitiak eta Lore Agirrek azaldu dute udal taldearen iritzia.

Aurrekontuaren likidazio positiboaren atzean "herritarrekin adostutako hainbat proiektu egin gabe geratu izana" dagoela dio oposizioak.

Apirileko osoko bilkuran plazaratu zuen, Tolosako udal gobernuak, 2015eko aurrekontuaren likidazioa. 2,5 milioi euroko emaitza positiboarekin itxi dute urtea, eta horren atzean «proiektuak ez gauzatu izana» dagoela uste du EH Bilduko oposizioak. Koalizioko kide Lore Agirrek eta Inaki Irazabalbeitiak agerraldia egin dute taldearen «kezka» azalduz eta, bide beretik, «bertan behera utzitako proiektuak martxan jartzea» eskatu dute.

Aurreko agintaldira jo dute azalpenak emateko, izan ere, 2015eko aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesua abiarazi zuten, zenbait egitasmo herritarrekin batera adosteko: «Udal gobernuaren aldaketak, ordea, herritarrek erabakitako proiektu horien erdiak ez gauzatzea ekarri du, eta hori oso larria iruditzen zaigu, udalak tolosarrekin hartutako zenbait konpromiso ez baitira bete», dio Agirrek. Halaber, 2016ko aurrekontuko partidetan proiektu horiek tarterik ez izateak, udal gobernuak egitasmook egiteko asmorik ez duela erakusten du, EH Bilduko kideen ustez.

Eragina, merkataritzari

Iazko egitasmoan aurreikusitako proiektuen artean egin gabe geratu diren «nabarmenenak» merkataritza sailekoak direla azpimarratu nahi izan du EH Bilduk.

Batetik, herriko dendetan belaunaldi aldaketa bermatzeari begirako proiektua izan dute hizpide, eta horra 121.000 euro bideratu zituztela gogora ekarri. Bigarrenik, Gune Biziak egitasmoari jarraipenik ez ematea ere gaitzetsi du oposizioak: «Itxita dauden lokaletako erakusleihoak ireki eta martxan dauden denden produktuak bertan erakutsi ahal izateko proiektua zen, eta 12.000 euroko partida bideratu genuen horretarako».

Areago, likidazio datuen arabera, proiektu horien inguruan Tolosako Udalak egin duen gastua ere plazaratu nahi izan dute agerraldian: «Belaunaldi aldaketaren proiektuko 121.000 eurotik, 22.700 euro bakarrik inbertitu dituzten eta, halaber, Gune Biziak egitasmoan, 12.000tik 600 soilik».

Kontuak horrela eta, beren asmoei eutsiz, EH Bilduk kreditu aldaketa bat galdegin nahi izan du, 2016a amaitu aurretik. Hasteko, parte hartze aurrekontuen bidez adostutakoa betetzea nahi dute, Laborde-Labaien eremua urbanizatuz (26.000 euro), Alde Zaharrerako auzokonpostaren etxola jarriz (4.000 euro), Alde Zaharrean hondakin berezientzako etxola jarriz (10.000 euro), Aranburu jauregirako proiektua garatuz (16.000 euro) eta Brikogunea sortuz (37.000).

Eta, bide beretik, «belaunaldi aldaketaren eta erakusleihoen helburuak erabat betetzea» eskatu dute, «proiektu horiei dagozkien partidak erabiliz».

Azkenik, udal gobernuari proposamen berriak egingo dizkio EH Bilduk, udal erregistroan nahiz hirigintza batzordean. Nafarroa etorbidea bi urtetan urbanizatzea izango da lehen eskaria, aurten 300.000 euro baliatuz eta hurrengo urtean 700.000. Bestalde, Kale Nagusiko komertzioak indartzeko gauzatutako egitasmo berbera Berdura plazako lokal hutsetara zabaltzea galdegingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!