Porrotik gozoena: hirugarren mailara!

Mikel Iraola 2016ko maiatzaren 22a

Real Unionen aurka galdu arren (2-1), Anaitasunaren berdinketari esker Tolosak hirugarren mailara igotzea lortu du. 90 minutuz entengabe sufritu eta gero, festa izan zen nagusi Irunen. 

Txapeldunak! edo Hirugarren mailara! oihukatzen zuten jokalariek epaileak partida amaiera adierazi bezain pronto. Oihuak, saltoak, besarkadak, txaloak, bengalak, baita negar malkoak ere. Denetarik izan zen instante hartan. Hainbeste denboran desiotako helburua lortu berri zuen Tolosak: hirugarren mailara igotzea. 

Baina hori bai hori sufrimendua! 45 minutuz Hondarribian pentsatzen aritu ziren asko eta asko. 

Izan ere, irabazten hasi arren, atsedenaldira 2-1eko markagailuarekin iritsi ziren. Unai Etxeberriak sartu zuen tolosarren gola. Polemikoa, izan ere, marrazainak jokoz kanpo adierazi zuen, baina epailearekin kontrastatu eta gero, balekotzat jo zuten. Erabaki ona, atzelari batek puskatzen baitzuen jokoz kanpokoa. 

Pozak gutxi iraun zuen, minutu gutxi batzuk beranduago banakoa sartu baitzuten irundarrek faltaz. Eta atsedenaldira iristeko bi minutu falta zirela, etxeko taldeak bigarren gola lortu zuen. Orduan iritsi ziren urduritasunak. Garai batean irratiek betetzen zuten funtzio bera bete zuten atzokoan sakeleko telefonoek eta WhatsApp-ak. Hondarribia irabazten! informatzen zuen batek. Eskerrak! zihoen beste batek. 

Espekulaziorako tartea ere izan zen. Hondarribiak bigarrena sartu zuenaren zurrumurrua ere zabaldu zuten irundar batzuk. Gezurra. Eta handik gutxira, Anaitasunaren berdinketa. Sufrimendura kondenatuta ziren han bildutakoak. Ez ziren gutxi izan, gainera, Tolosarik Iruneraino joan zirenak. Pankarta, bonbo, tronpeta, bufanda eta guzti! 

Eta bien bitartean, gezurra zirudien Tolosak bigarren gola ez sartu izana. Behin beta berriz, atepetik atera zuten irundarrek baloia. 

Halako batean, festa Tolosaren aulkian. Amaitu da. Hondarribiak 1, Anaitasunak 1. Tolosa hirugarren mailara. Irungo partida oraindik amaitu gabe zegoela, zaleak ospakizunetan murgildu ziren, epaileak amaiera adierazi zuen arte. 

Gorka Blancok jaso zuen txapeldunaren garaikurra, eta nola ez, Urtziri eta haren sendiari eskaini zion. 

Gero gerokoak. Baina guztiak, ahoan irribarrea zutela. Aupa Tolosa! 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!