Nagua Alba: "Kongresuan izandako esperientzia laburra izan da, baina mugitua eta probetxuzkoa ere bai"

Ataria 2016ko maiatzaren 20a

Eduardo Maura, Nagua Alba eta Pablo Bustinduy, ekimenaren une batean.

Kongresua zure plazan ekimena egin du Podemos alderdiak Tolosan, eta bertan parte hartu dute Nagua Alba, Eduardo Maura eta Pablo Bustinduy Podemos alderdiko diputatuak Espainiako Kongresuan.

Hiru diputatuek Kongresuan izandako esperientzia azaldu dute eta gero ekimenera azaldu diren herritarren galderei erantzun diete. EAEko Podemoseko idazkari nagusia eta Gipuzkoatik Kongresuan diputatua da Nagua Alba, eta berak azaldu duenez, "oso garrantzitsua iruditzen zaigu jendeak galdetzea eta jendeak jakitea zer gertatzen den Kongresuan eta zer-nolako lana egin dugun. Eta beraien eskaerak eta nahiak jaso nahi ditugu hurrengo legealdirako".

Albak gaineratu duenez, Espainiako Kongresuan "lan asko egin dugu eta iniziatiba asko aurkeztu ditugu. Batzuk atera ditugu eta beste batzuk erdipurdi geratu dira legealdia bukatu delako. Baina harrotasun handiz kontatzen dugu egin duguna, benetan uste dugulako Kongresu ezberdin batera iritsi garela eta jende ezberdinarekin. Jende arrunta iritsi gara Kongresura, eta jende arruntaren nahiak eta proposamenak ditugu".

Espainiako hauteskundeetarako akordioa sinatu du Podemosek Ezker Anitzarekin. "Gure proposamena proiektu handi eta zabal bat egitea da", esan du Albak, "eta indartsua Raxoiren gobernuarekin eta politikekin behingoz bukatzeko. Horretarako  falta den jende hori guregana erakarri nahi dugu". Oraindik ez dute guztiz zehaztuta, baina ziurrenik Ezker Anitzako ordezkari bat izango da Gipuzkoatik bigarrena bi alderdiek osatuko duten zerrendan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!