Astebeteko doinu amaigabeek hartuko dute Tolosa

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 18a, 18:13

Larunbatean hasiko da gaur bertan aurkeztu duten egitaraua.

Musikaria eta Musikherria egitasmoak aurkeztu dituzte; larunbatean hasita, maiatzaren 28ra bitarte estilo, genero eta musika tresnen topagune bilakatuko da herria.

Tolosako Eduardo Mokoroa Musika eskolak ikasturtea biribiltzeko egitarau tentagarria prestatzen du, urtero, Musikariarekin. Musikaren hariari tira egin, eta hari horren gainean dantza egiten duten hainbat artista bertaratzen dira Tolosara, herritarrei doako emanaldiak eskainiz. Larunbatean ekingo diote egitarauari, kaleko musikaren egun handiak, Musikherriak, hirugarrenez itxiko du Tolosako asterik melodikoena.

Musika eskolan bertan aurkeztu dute egitarau mamitsua eta, Nuria Carbonell kultura zinegotziarekin batera, Edurne Olano musika eskolako zuzendaria eta Igor Agirre Musikherriako sortzaileetako bat izan dira. Olanok, bere aldetik, egitarauan parte hartuko duten musikari eta ikuskizunen maila nabarmendu du, herritarrei parte hartzeko dei eginez. Larunbatean bertan izango da lehen hitzordua, Hernani, Hondarribia, Loatzo eta Tolosako musika eskoletako helduen topaketarekin; 12:30ean kontzertua eskainiko dute musika eskolan. Iluntzean, berriz, Tolosako Musika Banda Zerkausian ariko da.

Astelehenean, Iñar Sastre irurarrak emanaldia eskainiko du, 19:00etan, musika eskolan, Euskal doinuekin jolasean izenburupean. Asteartetik aurrera, berriz, Izei hirukotea, Donostiako kontserbatorioko Big Band-a, Usurbilgo musika eskola eta Stradivarias saioez gozatzeko aukera izango da. Azkenik, larunbatean Musikherriak hartuko ditu kaleak, goizetik goizaldera bitarte; aipatzekoa da, Hodeiertz abesbatzak estreinakoz parte hartuko dutela egitasmoan.

Urteroko moduan herri bazkaria izango da, eta Gautena elkarteari laguntzeko baliatuko dituzte irabaziak. Txartelak Xirimirin, Orbelan eta Ikatzan daude eskuragarri, eta 12 euroko prezioa izango dute; 14 urtez azpikoek 6 euro ordaindu beharko dute.

EGITARAUA: Musikaria + Musikherria

Maiatzak 21, larunbata
12:30. Helduen topaketa, Hernani, Hondarribia, Loatzo eta Tolosako musika eskoletako kideekin, musika eskolan.

19:00. Tolosako Musika Bandaren kontzertua Zerkausian.

Maiatzak 23, astelehena
19:00. Iñar Sastreren Euskal doinuekin jolasean kontzertua, musika eskolan.

Maiatzak 24, asteartea
19:00. Izei Hirukotea, musika eskolan.

Maiatzak 25, asteazkena
19:00. Donostiako kontserbatorioko Big Band-a, musika eskolan.

Maiatzak 26, osteguna
19:00. Usurbilgo musika eskolako kideen emanaldia, musika eskolan.

Maiatzak 27, ostirala
20:30. Stradivarias musika eta umore emanaldia, Leidor aretoan.

Maiatzak 28, larunbata. MUSIKHERRIA

Dultzaina taldeak
09:30. Dianak auzoetan.
12:00. Kalejira Alde Zaharrean.

Ikasleen banda
12:00. Gernikako arbola-Lopez Mendizabal plaza-Alde Zaharra

Akordeoi orkestrak
11:30. Kalejira Alde Zaharrean.

Klarinete jotzaileak
11:00. Aroztegieta-Errementari arteko txokoan.

Hodeiertz abesbatza
11:30. Lopez Mendizabal plazan. 12:00. Plaza Zaharrean.

Ganbera taldeak
11:00. Plaza Zaharrean.

Isidro Larrañaga akordeoi orkestra
11:00. Lopez Mendizabal plazan.
12:30. Plaza Zaharrean.

Uztaritzeko Herri Soinua
12:00. Kalejira Alde Zaharrean.

Konponezinak txaranga
12:30. Kalejira Alde Zaharrean.

Iraunkorrak txaranga
13:30. Kalejira Alde Zaharrean.

* Bazkalondoan Musika zuzenean eta Larrain dantza.

* 18:00etatik aurrera, musika kalez kale.

* 22:30. Plaza Berrian, dantzaldia Iratzar taldearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!