Geldialdirik gabeko bidaia, giza eskubideetaraino

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko maiatzaren 14a

Hartu trena! egitasmoak hitzordu berri bat izan du, goizean, Tolosako Trianguloan; argazki erraldoia atera dute, bagoiak herritarrekin betez.

"Presoek zein haien senideek jasaten dituzten giza eskubide urraketena gizarte osoaren arazoa, ez eurena bakarrik". Halaxe berretsi du, gaur, Anaje Urkola Tolosako Sare herritarreko ordezkarietako batek. Hartu trena! egitasmoaren barruan goiz osoko aldarrikapen dinamikoa prestatua zuten, eta tren erraldoi bat irudikatuz biribildu dute deia: "Bil gaitezen giza eskubideen aldeko pertsona guztiak".

Urruntzea, isolamendua, gaixotasun larriak nahiz kondenaren 3/4 edo 2/3 beteta dituzten presoen eskubideak mural batera eramanez hasi dute goiza, eta dispertsioaren afera azalean bizi izan duten bi pertsonaren testigantzak ere entzungai izan dira. Jarraian, Amaia Agirre bertsolariak hitzordu honetan ere jarri du bere alea. Giza eskubideen aldeko aldarriak sentsibilitate guztietako herritarrei oihartzun egingo badio, ordea, bagoi asko dituen trena hartu behar da, eta hain zuzen horixe irudikatu dute, goiza biribiltzeko.

Egindakoa ez da nahikoa, hala ere, eta Txoan Ormazabal Tolosako Sare herritarreko ordezkariak azaldu duenez, aurrera begira herriko gizarte eragileen atxikimendua biltzen hasteko asmoa dute, giza eskubideetarantz geldialdirik gabeko bidaiari ekiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!