Tolosa Herria lehiaketa: txoko bat, argazkigileen mapan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko maiatzaren 13a

TArgazki taldeak hirugarrenez antolatu du Tolosa Herria argazki lehiaketa; aurten, argazkilari tolosarrei dei egin nahi izan diete bereziki, herrian argazkien inguruko giro hori berotzeko.

Duela 30 urte inguru ba omen zen, Tolosan, indar handiko argazki talde bat. Denboraren joanak eta beste hainbat faktorek taldea desagertzea ekarri zuten, eta urteak igaro ziren hutsune horrekin.

Iñigo Royo kultur etxeko ikastaroak eskaintzen hasi zenean, ordea, lagun talde bat sortu, eta egungo TArgazki taldea osatzea erabaki zuten. 20 lagun elkartzen dira gaur egun, eta aurten hirugarrenez antolatuko dute Tolosa Herria argazki lehiaketa.

«Hasiera batean, Tolosa argazkigintzaren mapan kokatzeko antolatu genuen lehiaketa, giroa edo afizioa itzali samar zeudela ikusten genuelako», dio Miren Atxaga taldeko kideak. Orain, ordea, Tolosara begirako ahalegin berezia egitea erabaki dute, eta herriko argazkilarien parte hartzea sustatu nahi dute, ekainaren 18an banatuko dituzten sari horietako hautagai izan daitezen.

«Tolosan egutegiko lehiaketa bakarrik dago, eta jendea soka horretara lotzea nahi dugu, giroa sor dadin. Tolosarrek ez dezatela beldurrik izan, askotariko argazkiak aurkeztuko direlako», dio Atxagak.

Mugetatik aske

Hilaren 31 izango da argazki lehiaketako lanak aurkezteko azken eguna, eta oinarri eta argibide guztiak www.targazki.com atarian daude eskuragarri.

Mugei ihes eginez, gainera, kamerarekin librean aritzeko aukera izango da, eta edozein gairi buruzko irudiak bidali. Horrela, ekainaren 18an banatuko dituzte sari orokorrak nahiz argazki tolosar onenei dagozkienak, Casino elkartean egingo duten sari banaketan. Eraikinetik irten gabe, argazki ederrenekin mamitutako erakusketa ere bertan izango da ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!