Asteburu berezia Usabalen

Asier Imaz 2016ko mai. 6a, 11:39

Liga amaierako ospakizunak nagusituko dira; taldeek lorpen handiak eskuratuko dituzte larunbatean eta igandean.

Tolosako hainbat talderentzat asteburu oso berezia izango da. Denboraldi guztia lanean pasa ondoren, fruituak jasotzeko aukera izango dute. Futbol, areto futbol, eskubaloi eta saskibaloi taldeek, ospakizunak izango dituzte.


Larunbatean, Laskorain Ikastola areto futbol taldeak Usabalen partida jokatuko du, 17:00etan. Liga irabazirik daukate, eta azken jardunaldian zaleekin ospatu nahi dute. Hurrengo urtean Bigarren B Mailan jokatzeko aukera dute horitxoek, nahiz eta oraindik ez duten erabaki.

Egun berean, Tolosa Eskubaloiak denboraldiko azken partida jokatuko du etxean, 19:00etan. Hauek ere liga lehen postuan amaitu dute, baina Laskorainek ez bezala, mailaz igotzeko igoera fasea jokatu beharko dute. Lorpen historikoa, ordea, ez die inork kenduko.

Larunbateko hirugarren talde protagonista Tolosa CF izango da. Erregional mailako taldea igoera fasea jokatzen ari da, eta denboraldiko azken partida etxean jokatuko du, 15:30ean. Garaipena lortuz gero, lehen postuan amaituko dute Tolosako neskek, eta ondorioz, hurrengo urtean Euskal Ligan jokatzeko aukera izango lukete.


Igandean, Usabalen, saskibaloi taldea izango da protagonista, eta batez ere, Goar Artetxe. Tolosarrak agur esango dio saskibaloi jokalaria izateari, eta omenaldi beroa jasoko du TAKEren denboraldiko azken partidan, 18:15etik aurrera.


Azkenik, Tolosa CF-k ere merezi du aipamena. Izan ere, Erregional Ohorezko Mailako taldea liga jokatzen ari da. Hiru jardunaldiren faltan lider dago. Larunbatean Zarautzen jokatuko dute 12:00etan, eta zaletuen babesa eskertuko lukete urdinek.

 
Espainiako Txapelketa
Usabalen izango den azken ekitaldi berezia, ezohikoa ere bada, izan ere, Usabalen Espainiako junior nesken saskibaloi txapelketa jokatuko da. Usabalek igande, astelehen eta asteartean aurre faseko bi multzo jasoko ditu.


Tolosari multzorik gogorrena egokitu zaio non honako talde hauek dauden: Rivas (Madrilgo txapelduna), San Adriá (Kataluniako txapelduna), Valentziako Claret eta Tenerifeko Náutico. Beste multzoa honako talde hauek osatzen dute: Lugoko Ensino, Alcázar de San Juango Alcázar, Xixongo Basket Mar eta Manacorgo Academia Manacor. Partidak hiru egunetan  10:00etatik aurrera hasiko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!