Bizikidetza Foroak «elkartasun osoa» adierazi dio De Prada epaileari

Ataria 2016ko api. 25a, 15:49

Argazkia: Juan Carlos Ruiz (Argazki Press)

Apirilaren 14an Tolosan egin zen mahai inguru batean De Pradak azaldu zuen "Espainian torturak egin direla". Hitz horiengatik "neurriak" hartzeko eskatu zion Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak CGPJ Espainiako Botere Judizialaren kontseilu nagusiari.

Tolosako Bizikidetza Foroak antolatuta, Legearen eta Justiziaren erantzuna indarkeriaren aurrean. Denak balio al du? izeneko mahai ingurua izan zen Tolosako udaletxeko pleno aretoan, Jose Ricardo de Prada magistratua, Iñigo Iruin abokatua eta Carmen Lamarca zigor zuzenbidean katedradunarekin. 

Mahai inguru horretan, De Pradak honela esan zuen, hitzez hitz: "Torturak egon dira, modu argian. Nire bizitza profesionalean susmo argiak izan ditut, baina auzitegietan ez zaio erantzun horri". Fernandez Diaz barne ministroaren ustez "Estatuko Segurtasun indarrentzat iraingarriak eta mespretxagarriak" izan ziren hitz horiek, eta "neurriak" eskatu zituen epailearen aurka. 

Bada, Tolosako Bizikidetza Foroko partaide guztiek "elkartasun osoa" adierazi diote magistratuari, eta diote honelako ekarpenek "giza eskubideak gertutik zainduko dituen guztion arteko eta guztiontzako bizikidetza zintzo eta egokiagoa eraikitzen" lagunduko dutela. 

Foroko partaideek gaineratu dute ekitaldiaren publikoa "oso-oso anitza" zela eta inork ez diela kexarik adierazi De Pradak esandakoengatik. Are gehiago, biktima guztiak "bere" egiten dituela azaldu dute: "Foroak biktima guztiekiko enpatia agertzen du. Ekintza guztiak gaitzesten ditu, eta tematuta dago irakurketa edo kontaketa etiko bat egitearekin, elkarbizitza sano batean oinarritutako etorkizuna eraikitzeko". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!