Gora begira jartzeko garaipena

M.Iraola 2016ko api. 18a, 18:51

Tolosak indarra hartu du Mutrikuren etxean partida ona jokatu eta 1-2 irabazi eta gero.

Tolosa eta Mutrikuren arteko joaneko partida ikusteko modukoa izan bazen, itzulerakoa ez da gutxiago izan. Zaleek gustuko duten neurketa horietako bat jokatu zuten larunbatean bi taldeek: gogorra, lehiatua, tentsio bizikoa, eta bereziki, ona.

Baina batek irabazi behar. Eta horretarako meritu gehiago egin zituen Tolosak. 1-2 irabazi zuten urdinek. "Aurkariek kiroltasunez zoriondu gintuzten. Zaila izan zen, talde oso ona baita, baina berriro ere lortu dugu", dio pozik Justo Lillok. 

Ausardia. Huraxe izan zen partida irabazko gakoa entrenatzaile tolosarraren ustez. Baloia izateari muzin egin gabe, pixkanaka aukerak sortuz joan ziren Lillorenak, 37. minutuan lehen saria topatu zuten arte. Gol bikaina sartu zuen Haritz Arrietak. 

Minutu gutxira Endikak min hartuta zelaia utzi behar izan zuen, eta Zabaleta sartu zen berdegunera bere ordez. 15 segundo zeramatzan zelaian, baina 0-2koa egiteko aukera bikaina izan zuen, atsedenaldira joan aurretik.

Aldageletatik bueltan, despiste baten ondoren, etxeko taldeak berdinketaren gola egin zuen. Tolosako jokalariak protestan geratu ziren, eta duda hori baliatu zuten mutrikuarrek baloia jokoan jarri eta tolosarrak ezustean harrapatzeko. 

Jokalari bat gutxiagorekin geratu zen ondoren Mutriku. Ordura arte zuen nagusitasuna areagotu baino ez zuen egin Tolosak. 84. minutuan Segurolak eman zizkion hiru puntuak, beste gol eder batekin. 

Otsailetik bi partida jarraian irabazi gabe zeramatzan Tolosak, eta pozik da Lillo: "Ordiziaren aurka galdu eta gero, Aste Santuko oporretatik bueltan, esan nuen zazpi final genituela aurretik. Lehen biak ongi gainditu ditugu. Lanean jarraitu behar orain".

Hori bai, garaipen honek taldeari "lasaitasuna eta indar asko" eman dikziola onartzen du Lillok. Balio dezala garaipen honek, burumakur izan beharrean, gora begira jartzeko. 

Sailkapena:
Pos.   TaldeaPun.JPIPBPGPEAATKT
1    ANAITASUNA C.D. 61 29 18 7 4 0 58 25
2    TOLOSA C.F. 58 29 18 4 7 0 58 30
3    REAL UNION CLUB SAD 56 29 17 5 7 0 53 28
4    MUTRIKU F.T. 50 29 15 5 9 0 45 34
5    HERNANI C.D. 47 29 13 8 8 0 41 33
6    OIARTZUN K.E. 46 29 14 4 11 0 38 28
7    ALOÑA MENDI KE 46 29 13 7 9 0 43 37
8    OSTADAR S.K.T. 44 29 13 5 11 0 44 51
9    TOURING C.D. 42 29 12 6 11 0 37 32
10    ZARAUTZ K.E. 42 29 12 6 11 0 38 33
11    ELGOIBAR C.D. 36 29 11 3 15 0 31 39
12    HONDARRIBIA F.E 35 29 9 8 12 0 35 37
13    MARTUTENE K.E. 32 29 9 5 15 0 31 43
14    BETI GAZTE K.J.K.E. 31 29 8 7 14 0 32 43
15    GETARIAKO KETA F.T. 29 29 9 2 18 0 33 54
16    EUSKALDUNA S.D. 29 29 8 5 16 0 26 57
17    ORDIZIA K.E. 26 29 6 8 15 0 35 47
18    ORIOKO F.T. 23 29 6 5 18 0 26 53

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!