'Chapeau Tolosa, Chapeau!'

M.Iraola 2015ko aza. 30a, 20:19

Joko ona, gol bikainak... partida ikusgarria jokatuta 6-2 irabazi dio Tolosak Mutriku bigarren sailkatuari.

Pertsona baikorrenaren kinielan ere ez litzateke sartuko igande arratsaldean Berazubin bizitakoa. A zer golak! A zer joko ederra! A zer maisutasuna! A zer... dena! Baina emaitzak iradoki lezakeenaren aurka, Mutriku duintasunez erori zen.

Partida gustagarria izan zen, zentzu askotan. Lehen zatia, borrokatua, elkar errespetu askokoa. Tolosa zen nagusi, aukerak bereak ziren; Mutriku ez zen zelai erditik pasatzen, baina atzean serio eta gogor zen. Segurolak zulatu zuen pareta 33. minutuan. Area kanpotik indar handiz sareratu zuen baloia. Txapela kentzeko moduko gola!

Markagailua bere horretan geratuko zela zirudienean, mutrikuarrek izan zuten lehen aukeran berdinketa lortu zuten Egiaren bitartez. Hau ere ederra.

Eta hurrengo jokaldian, partidako gakoetako bat: Tolosaren bigarrena. Erreakzio hobezina. Edozer aurretik eramateko indarrez sartu zen buruz Unai Etxeberria. Gainontzekoak zur eta lur utzi zituen, baloiaren nondik norakoa ezin harrapatu. 2-1.

Bigarren zatia lehenaren bide beretik hasi zen, oso pareko. Baina aldaketek freskotasuna eman zioten Lilloren taldeari. 69. minutuan atzetik hasitako jokaldi batean Bereziartuak hirugarrena lortu zuen Tolosarentzat. Eta hortik aurrerakoa, apoteosikoa.

Bost minuturen bueltan, beste bi gol sartu zituen talde urdinak, Mario eta Bereziartuaren eskutik, bata bestea baino ederragoa. Jon Gomezek seigarren bat ere lortu zuen. Ikusitakoa ezin sinetsi geratu zen Berazubi, bere zelaitik gola sartu baitzuen. Epaileak, baliorik gabe utzi izan ez balu... Beste bi gol ikusteko tartea izan zen, ate bakoitzean bana.

6-2. Eta hori baino gehiago, arerio garrantzitsu baten aurka emandako itxura, sailkapenean zabaltzen den tartea, eta averagea. Chapeau!

Nola aldatzen diren ikuspuntuak aste batetik bestera. Emaitzek egiten dutena. Baloia ez sartzetik, etengabean atera behar izatera. Ikuspuntuak ikuspuntu, eta emaitzak emaitza, aste hauetan aldatu ez dena, sailkapen nagusiko lehen postuko kolore urdina izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!