Politika hizpide, aste errepublikarrean

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 8a, 13:16

Cecilia G. de Guilarte foro errepublikarrak kultur astea antolatu du, eta astelehenean bertan ekingo diote

Apirilaren 14aren bueltan, kultura eta politika uztartzen ditu, urtero, Tolosako Foro errepublikarrak. Aurten ere ez dute hutsik egin, eta astelehenean bertan hasiko da kultur astea. Hitzaldia, erakusketa, omenaldia nahiz mahaiaren bueltako hitzordua nahastuz osatu dute egitaraua, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.

Lehen hitzordua astelehenean bertan izango da, 19:30ean, udaletxeko pleno aretoan. Espainiako gaur egungo konstituzioa aldatu beharra izenburupean, Jokin Bildarratz (EAJ), Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu) eta Nagua Alba (Podemos) beren iritziak partekatuz ariko dira. Azaldu dutenez, PPk eta PSE-EEk «ezezkoa eman diote foro errepublikarraren gonbitari».

Apirilaren 12an, berriz, Cecilia G. de Guilarte jaio zeneko mendeurrenaren inguruko erakusketa inauguratuko dute, 19:30ean, Aranburu jauregian; hilaren 22ra bitarte zabalik izango da.

Ostegunean, berriz, errepublikaren egunean, bi hitzordu antolatu dituzte. Batetik, Leidorren, Robles, duelo al sol dokumentala eskainiko dute, 19:15ean eta 21:45ean. Bestetik, faxismoak eragindako biktimei omenaldia egingo diete Tolosako hilerrian, 20:00etan.

Azkenik, apirilaren 16an biribilduko dute aurtengo egitaraua. Batetik, bandera errepublikarra zintzilika jarriko dute, 12:00etan, udaletxeko balkoitik. Bazkari legea Botarri jatetxean egingo dute, 14:00etan eta, ondoren, Donostiako Boulevardetik irtengo den manifestazio errepublikarrean parte hartuko dute, 19:00etan, bertarako deia egitearekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!