Gipuzkoako bike-trial piloturik onenak, igandean Tolosan

Mikel Iraola 2016ko api. 5a, 11:35

Igandean Gipuzkoako bike-trial txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da Tolosan. Munduko Txapelketetan lehiatzen ari diren pilotuak ere izango dira.

Gipuzkoa mailako piloturik onenak bilduko ditu Tolosako V. Bike-Trial txapelketak. Orotara, Gipuzkoatik kanpo datozen gonbidatuak kontutan hartuta, 50 parte-hartzaile inguru izango dira igandean Usabalen jokatuko den txapelketan.

Besteak beste, tartean izango dira Jon Areitio hondarribiarra, Gorka Susperregi irundarra edo probako izar nagusienetako bat: Irene Caminos tolosarra. Tolosako taldetik beste hainbat gaztetxok parte hartuko dute: Oier Lakunzak, Beñat Maizek, Aimar Ardibidek eta Julen Iraolak.

Asturias, Madril edo Bartzelonatik ere gonbidatu dituzte beste hainbat. Hauek, ordea, ez dute Gipuzkoako Txapelketaren barruan lehiatuko. Ikuskizuna ematera etorri dira: "Gu beste lekuetara joaten gara ikuskizunak ematera, txapelketetan lehiatu gabe, eta elkartruke hori bultzatzen dugu besteekin", azaldu du antolatzaile taldeko Jose Mari Caminosek. 

Urtero moduan, Usabal Kiroldegiaren ondoan dagoen eremuan jokatuko da txapelketa, 10:30etik hasita, eta hiru orduz luzatuko da. Bost gune egongo dira: bi natural eta hiru artifizial. 

Bike-triala ezagutzera emateko asmoz, bertaratzen diren guztientzat bizikletak izango dira, kirol hau probatu dezaten. Gainera, pintxoak ere salduko dituzte, eta bertan lortutako dirua bike-trial taldeari laguntzeko bideratuko dute: entrenamendu lokala mantentzeko eta materiala erosteko. 

Udalak ere bertaratzeko deia luzatu du: "Horrelako gauzak telebistan soilik egiten direla uste dugu, eta aurrez aurre ikustea fisikaren legeak nola puskatzen dituzten ikustea plazera da", azpimarratu du Patxi Amantegi zinegotziak. 

Irene Caminos hasi da txapelak pilatzen

Bestalde, Irene Caminosek lehen txapelketa irabaztea lortu du Herrialde Katalanetan. Munduko Koparako puntuagarria den Kataluniako Kopan lehen postua sortu du, "sorpresaz". Izan ere, tolosarra "probatzera" joan zen, helbururik jarri gabe. Puntako lehiakideak zituen, Munduko Kopan bere aurretik geratu izan direnak. Bere sorpresarako lehen postua erdietsi zuen. "Sekulakoa izan da. Ez nuen espero" dio. 

Maiatzean Munduko Kopako lehen proba lehiatuko du Caminosek. Horren aurretik, Kataluniakoaren gisako beste proba batean parte hartuko du Frantzian.

Gipuzkoako Txapelketari dagokionez, orain arte jokatutako bi probak irabazi ditu, Hernanin eta Irunen. Igandean, beraz, etxean "irabazteko helburuarekin" joango dela aitortu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!