Kultur etxetik kanpo, baina "Euskal Herria plazako lokalaren alde borrokan" jarraituko du TGAk

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 4a, 16:16

Udalak egindako proposamenari "ofizialtasun falta" ikusten diote, gutun batean azaldu dutenez, eta beren proiektuko ezinbesteko baldintza bat falta zaio: gazteen gune autogestionatua herriaren erdigunean egotea.

Joan den martxoaren 19an Euskal Herria plazako lokalaren okupazioa ez zen posible izan, eta Tolosako Gazte Asanbladako kideek Antonio Maria Labaien kultur etxeko ganbaran darraite, txandak eginez, manifestazio baten ondoren eraikinean sartu eta gero. Udalak biharamunean TOLOSALDEKO ATARIAri azaldu zionez, "gazteen erantzunaren zain" zeuden, proposamen bat helarazi baitzieten.

Bada, gazte asanbladako kideek ohar batean azaldu dutenez, "mahai gainean ez dago proposamen zehatzik, eta beren hitza baino ez daukagu". TGAren arabera, Tolosako Udalak luzaturiko proposamenean Santa Luzia auzoko eraikin baten argazkiak agertzen dira, Sebendenea deituriko eraikinekoak: "Txostenarekin batera, esan ziguten beraiek prest zeudela etxe horretan gure proiektuari lekua uzteko eta, era berean, eraikin berean gauzatzeko beste zenbait proiektu ere bazituztela buruan eraikin berean: musika taldeen entsegu lokalak, adibidez".

Eraikin publikoa beste zenbait talde edo eragilerekin partekatzeko "inongo arazorik" ez dutela azaldu dute baina, bestalde, gazteek argi utzi dute proiektuaren autogestio izaera lehenetsiko dutela uneoro eta, ondorioz, "udaletxearen esku hartzerik ez dugula nahi".

Kudeaketa ereduz harago, udalaren balizko proposameneko eraikina "ez da udalarena" gazteek azaldu dutenez, eta TGAk hor kokatu du arazoaren beste adarretako bat: "Ez daukagu inongo bermerik. Jabetza udalarena izan gabe, eta inongo teknikariren firma edo baimen zehatzik izan gabe, ez zaigu batere kontu serioa iruditzen, eta oso harrigarria egin zaigu udala gure erantzunaren zain egotea". Bide horretan, gazteen erantzunaren zain egotea "udalaren estrategiatzat" jo du gazte asanbladak, idatziriko oharrean: "Azken hilabeteotan lorturiko indarra apaltzea besterik ez luke ekarriko horrek eta, gainera, batere fidagarria egiten ez zaigun erakunde baten eskuetan geratuko ginateke".

Horrekin batera, TGAk bigarren puntu beltz bat ere seinalatu du Tolosako Udalaren proposamenean, Santa Luziako Sebendenea eraikinaren kokagunea "desegokitzat" joz. Gazteek behin baino gehiagotan nabarmendu duten moduan, Tolosako gazteen proiektu autogestionatuak "ezinbestean herriaren erdigunean egon behar du" beren iritziz eta, bide horretan, "gazteen arazoak lantzeko eta gazteek topaleku izateko gune bat ez dugu hain urrun ikusten".

Zerrendatu dituzten arrazoi horiek guztiak kontuan hartuta, kultur etxea okupatu zuteneko posizioan berretsi direla azpimarratu du TGAk: "Udalak baditu, Tolosan, bereak eta guztionak diren espazioak, eta horietan egokiena Euskal Herria plazako lokala dela argi dugu.Beren plana, ordea, lokal hori pribatizatzea da. Gu urrun ikusi nahi gaituzte eta, bitartean, LKS enpresa lokal horretarako proiektu bat garatzen ari da".

Horrenbestez, eta, gau eta egun kultur etxeko ganbaran jarraituko ez duten arren, "Euskal Herria plazako lokala eskuratzeko borrokan" jarraituko dutela aldarrikatu dute, eragile eta norbanakoen atxikimenduak bilduz, eta "egitasmo bereziak prestatuz, horietarako kultur etxeko ganbara erabiliz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!