Tolosa CF txapeldun Berazubin ospatu den lehenengo Nescup txapelketan

Andoni Uzkudun 2016ko apirilaren 3a

Egun osoan ospatu da gaur lehenengo Nescup futbol txapelketa. Zortzi talde ezberdinek parte hartu dute infantil mailan eta Tolosa "A" eta Tolosa "B" iritsi dira finalera, bertan Tolosa "A" gailendu da.

Egun polita ospatu da Berazubiko futbol zelaian egun guztian zehar. Goizean hasi dira jokatzen eta arratsaldeko seiak arte aritu dira futbolean. Tolosako bi taldeez gain, Euskal Herriko beste hainbat talde etorri dira jokatzera, horien artean: Barakaldoko Pauldarrak, Lizarrako Izarra, Huarteko Itaroa, Gasteizko neskak, Hernani eta Donostiako Intxaurdi aritu dira. 

Goizean ligaxkako partidak jokatu dira eta arratsaldean berriz, finalaurrekoak eta finalak jokatu dira. Finala etxeko bi taldeek jokatu dute baina ez gutxi sufrituta, finalera penaltietan pasa baitira bi taldeak. Beste alde batetik, antolakuntzako kideak oso gustura geratu dira txapelketaren lehenengo edizio honekin eta jendearen harrera ere ona izan dela aipatu dute.

Sariak banatzen, lehenengo mailan jokatzen duten bi jokalari ere izan dira, Errealeko Itziar Gastearena eta Oiartzun taldeko Nerea Murua.

Sailkapena:

  1. Tolosa C.F "A"
  2. Tolosa C.F "B"
  3. Pauldarrak (Barakaldo)
  4. Izarra (Lizarra)
  5. Intxaurdi (Donostia)
  6. Itaroa (Huarte)
  7. Hernani
  8. Gasteizko neskak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!