Bi tolosar, ikasle onenen orkestran

Euskadiko Ikasleen Orkestrak kontzertua eskainiko du igandean, 12:30ean, Tolosako Leidor Aretoan. Eduardo Mokoroa Musika Eskolako bi ikaslek parte hartuko dute: Aitor Zabalak eta Manex Gorostegik.

Hamar urte pasa dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskadiko Ikasleen Orkestra Sinfonikoa sortzeko proiektu pedagogikoa martxan jarri zuenetik. Arrakasta ikusita proiektua handitzea erabaki zuten 2012an, 15 urte arteko ikasleak bilduko zituen EIO Gazte sortuz. Aurten beste pauso bat eman dute EIO Txiki sortuz. 13 urte bitarteko ikasleek parte hartzen dute bertan.

Bada, azken bi orkestra hauek, kontzertu bat eskainiko dute Tolosako Leidor Aretoan, igandean. Gainera, batean zein bestean bi tolosar ariko dira perkusioa joz: Aitor Zabala EIO Gazten, eta Manex Gorostegi EIO Txikin.

ESPERO GABEKO SORPRESAK

Tolosako Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako ikasleak dira Zabala eta Gorostegi. Lehenak seigarren urtea beteko du aurten, eta bigarrenak laugarrena.

Gorostegi «esperientzia berriak» probatzeko asmoz aurkeztu zen, lehen aldiz, EIO Txikiko hautaketa fasera. «Zer zen ikusi nahi nuen, eta ez nuen pasatzea espero». 23 ikasle aurkeztu ziren eta hautatutako bostetako bat da.

Gauza bera gertatu zitzaion Zabalari pasa den urtean. Berarentzat aurtengoa ez da esperientzia berria izango. «Joan den urtean, Manex bezala, probatzeko aurkeztu nintzen. Hasieran ez ninduten hartu, baina gero batek ezin izan zuen joan eta zerrendako hurrengoa ni nintzen».

Aurten, hortaz, lezioa «ikasita» joan da hautaketa azterketara, baina ez zaio erraza izan: «Lehengo urtean lasai joan nintzen, baina aurten pasatzeko helburua jarri nion nire buruari, eta urduriago egon nintzen».

Urtarrilean izan ziren froga horiek, baina prestaketa lanak bi hilabete t'erdi lehenago hasi zituzten, azaroan. Karlos Alkala, bien irakasleak, «gogor landu» dutela aitortzen du: «Azken hilabetean ia egunero etortzen ziren musika eskolara. Izan ere, tribunalaren aurrean dauden hamar minutu horietan jokatzen dute plaza, eta urduri ez jartzeko onena asko praktikatzea da».

Azken hilabetean, orkestrarekin entseatzen aritu dira. Txikienek igandero izan dituzte hitzorduak, euskal hiriburuetan. Gazte orkestrakoek, berriz, 5 eguneko barnetegia egin dute Gernikan.

GAUZA BERRIAK IKASIZ

EIOrekin, musika eskolan ikasi ez dituzten gauzak barneratzeko aukera izan dute, hala nola, diziplina eta eszenatokian erakutsi beharreko jarrera: noiz eta nola eseri, nola agurtu...

Instrumentu bakoitzari soinurik onena nola atera ere ikasi dute: «Orkestrako zuzendariaz gain, gure instrumentuen araberako irakasle bat izan dugu, eta instrumentu bakoitzari soinu onena ateratzeko kolpeak nola eman ere erakutsi digu». Bandan jotzetik orkestran jotzera ere aldea dagoela nabarmendu dute bi gazteek: «Soinua ezberdina da, politagoa. Tolosan ez dugu biolinekin jotzen, eta orkestran 30 daude».

Zabala eta Gorostegi lasai daude: «Gauza zailagoak jo izan ditugu klasean» dio Zabalak. Gorostegi ere uste berekoa da: «Agian ez dira jo ditugun kantarik zailenak, baina egin behar duguna ongi egitea eskatzen digute».

Guztia ez da musika. Aisialdirako tartea ere badute: futbolean jokatzeko, edo lasai egoteko. «Guztia ongi antolatuta dago, ez zaie ahazten umeak direla. Helburu nagusia ikastea da, baina ondo pasatzea ere bai», dio Alkalak. Lagunak egiteko ere balio izan diela nabarmendu dute gazteek: «Pasa den urtean ezagutu ginenen artean Whats App bidez hitz egin izan dugu» dio Zabalak.

EREDU DIRA

Alkalaren ustez, horrelako esperientziek «markatu» egiten dituzte ikasleak: «Beste mundu bat ezagutzen dute eta pentsatzeko modua aldatzen zaie». Musika Eskolako ikasleentzat ere «eredu» direla azpimarratu du irakasleak: «Gainerakoak motibatzeko balio du, egindako lanak saria duela ikusteko». Zentzu horretan, kontzertuetako bat Tolosan izatea txalotzen dute hirurek. Gehiagorako gogoz gelditu dira, ordea. Bidea hasi besterik ez dute egin.

Aitor Zabala: «Asko gozatzen dut musika jotzen eta musika ikasketak egin nahiko nituzke»

14 urte betetzear da Aitor Zabala, eta sei urte daramatza Tolosako Musika Eskolan perkusioa ikasten. Etxetik datorkio musikarekiko zaletasuna, bereziki anaiengandik: batek perkusioa jotzen du, eta besteak, saxofoia. «Hasieran ez nuen izena eman Musika Eskolan, baina anaia zaharrenak kaxa isila zuen etxean, eta hor ibiltzen nintzen jotzen, Musika Eskolan hasi nintzen arte» dio gazteak.

Ez da damu. Disfrutatu egiten du perkusioa joz, eta ikasi ahala gero eta gehiago: «Gaur egun ematen dudan kolpe bakoitzari soinu ona ateratzen saiatzen naiz, ez kolpe soilak jotzen».

Zabalak bateria eta tinbala ditu gogokoen. Horiekin disfrutatzen du gehien. Hala ere, taldearen izaeraren araberakoa dela aitortzen du. Esaterako, txarangetan kaxa jotzea atsegin du.

Etorkizunera begira jarrita, Zabalak argi du musikari lotuta jarraitu nahi duela: «Duela bi urte erabaki nuen batxiler musikala egingo nuela, eta ideia horrekin jarraitzen dut oraindik. Gero Musikenen goi mailako gradu bat egitea gustatuko litzaidake».

Manex Gorostegi: «Txiki-txikitatik jakin izan dut musika munduan sartuko nintzela, eta asmatu dut»

Manex Gorostegik txikitatik zekien musikaren munduari lotuta amaituko zuela. Horrela aitortzen du 11 urteko gazte tolosarrak: «Familiatik datorkit afizioa. Ia familiako kide gehienak musikari lotuak daude eta giro hori ikusi nuenean banekien nik ere hor amaituko nuela».

Bost urterekin bonbo bat erregalatu zioten, eta nahiz eta jotzen ez jakin, inauterietan txarangen atzetik ibiltzen zen: «Musika gustuko nuen».

Lehengusuak –Igor Arostegi– perkusioa jo izan du Euskadiko Gazte Orkestran, eta gaur egun beste hainbat orkestrekin dabil. Bere bidea jarraitzea gustatuko litzaioke, ahal den neurrian, baina urruti ikusten du hori: «Ez dut erabakirik hartu. Perkusioa ikasten jarraitu nahiko nuke, baina ez dakit non amaituko dudan: agian kontserbatorioan ikasten, edo txaranga batekin kalean jotzen. Denbora asko dut aurretik».

Zabalaren moduan, taldearen arabera, instrumentu bat edo bestea aukeratzen du Gorostegik: «Urduri nagoenean lasaitzeko, bonboa edo txindatak, baino marinbarekin disfrutatzen dut gehien. Soinu berezia du».

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!