Urrezko 'Lactium' saria, Martin Txiki gaztarentzat

Naiara Roldan de Aranguiz 2016ko martxoaren 30a

Tolosako Martin Txiki gaztak beste sari berri bat poltsikoratu berri du: Urrezko Lactium-a. Ez da sari berria ordea, Tolosako gaztazaleentzat, 2010ean ere, sari berdinaren jabe egin ziren.  

Tere Olanok albistea ezagututa, “inondik inora ez nuen espero” aitortu badu ere; aurrera begira oraindik orain sari gehiago jasoko dituztela ziur da, “espero dezagun hurrengo urtean ere etorriko direla”. 

Lehiaketetan izena emateko orduan, sekretua badutela aitortu du Tere Olanok, “begietara jotzen didan gazta lehiaketan aurkezteko aukeratzen dut”. Behin gazta aukeratuta eta ondoren Monteskue auzoko baserrian eskaintzen dizkioten “ukituak” berriz, sekretupean mantendu nahi ditu Olanok.

Martin Txikik badu ohitura gazta lehiaketa ezberdinetan parte hartzeko, eta lan horretan Idiazabal Kontseilu Arautzailearen babespean aurkezten da; bai bertakoetan, Espainia mailakoetan edota baita atzerriko lehiaketetan ere, Erromakoa kasu, mundu mailako txapelketa kasu.

Oraingoan jasotako saria, Urrezko Lactium-a, Vic-en, Gironan, egindako lehiaketaren emaitza da. Aurkeztu beharreko gazta bi kilo eta bi kilo eta erdi arteko pisukoa behar zuen izan. Idiazabal gaztek honako lehiaketan Mantxako gaztekin batera lehiatzen ziren. Guztira, aurkeztutako 150 gazten artean dominarik preziatuena Martin Txikik jaso du.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!