Gozatu egin dute Tolosako V. Txakur kroseko 52 parte-hartzaileek

Mikel Iraola 2016ko mar. 20a, 18:33

Tolosako Txakur Krosaren bosgarren edizioa izan da gaurkoa, baina Eneko Agirre antolatzailearen hitzetan, euririk gabe egin den lehena. Hori dela eta, borobila izan da eguna.

Parte-hartzea jatsi arren, edizio "borobila" izan dela nabarmendu du antolakuntzak: "Kontutan izan behar da gaur beste hiru lasterketa zeudela hemendik ez oso urruti: Bizkaian, Nafarroan eta Errioxan. Horrek eragina izan du parte-hartzaileen zenbakian", azaldu du Agirrek. Normalean 70 lasterkari izaten dira Tolosan, gaur ordea, 52.

Bi ibilbide egiteko aukera izan dute. Bata 11,5 kilometroko luzea. Txakur kros ligako lasterketa luzeena da Tolosakoa eta desnibel gogorra du. Zumaiarrak izan dira nagusi.

Pedro Etxeberria zumaiarra izan da azkarrena, Suko txakurrarekin. 42:38an geratu du kronometroa. Pozik zen: "Lasai atera naiz, asko estutu gabe, nire erritmoa hartu arte. Ibilbide gogorra zen, baina gustura aritu naiz". Jon Gonzalez lazkaoarrak eta Ekaitz Erauskin hondarribiarrak osatu dute podiuma. 

Emakumeen mailan, Sonia Albarez Urbieta zumaiarrak irabazi du. 55 minutu eta 45 segundo behar izan ditu 11 kilometroko ibilbidea osatzeko. Nerea Goikoetxea aramarra eta Mireia Berenguer irundarra igo dira berarekin batera podiumera. 

Beste ibilbidea, motzagoa izan da, 4,5 kilometrokoa. Gizonezkoetan, eskualdeak presentzia handia izan du podiumean. Iñaki Beitia Iturbe tolosarra izan da garaile, 21:56ko denborarekin. Bigarren Mattin Jauregi ikaztegietarra izan da eta hirugarren Kosme Davila ibartarra. 

Emakumezkoen mailan, Maddi San Vicente zarauztarrak markatu du denborarik onena (26:30). Nahia Altunak eta Sara Agirrek osatu dute podiuma.

Etxeko txikienek ere izan dute txakur krosarekin lehen hartu-emana izateko aukera. Ez dira gutxi izan Korreo kalea jaitsi eta Solanatik barrena esprintean sartu diren umeak. Bejondeiela!

Denbora guztiak hemen 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!