TAKE, garaiz

M.Iraola 2016ko mar. 14a, 16:13

Jokalari eta entrenatzaileak Valladoliden, partida jokatu aurretik. Argazkia: TAKE

Azken laurden ikusgarri baten ondoren, TAKEk garaipena lortu du Universidad de Valladoliden aurka: 79-83.

Igandean goizean goiz abiatu zen TAKE Valladolid aldera, eguneko lehen argi izpiak agertu aurretik. Bide luzea zuen aurretik, eta ez nolanahiko hitzordua kantxan. Itzulera are luzeagoa ez egiteko eta garaipenik gabeko azken hilabetea luze egiten hasi baino lehen, irabaztea garrantzitsua zen.

Eta kantxan denbora luzez gauzak ez ziren behar bezala joan. "Orokorrean partida txarra jokatu genuen" dio Gonzalezek. Amaierarako sei minuturen faltan 13 puntuz galtzen ziren tolosarrak. Baina bat-batean taldea berpiztu egin zen. Garaiz.

Bi hiruko sartu zituen TAKEk segidan, eta beste hainbat baloi lapurtu eta kontraerasoko saskiratzeei esker, partidan sartu zen bete-betean. Beste batzuetan ez bezala, tolosarren aldekoa izan zen azken emaitza. Pozik zen Gonzalez: "Horrelako amaiera estuetan gertatu izan zaigu urduri jarri eta partida galtzea. Igandean agian ez genuen garaipena merezi, baina borrokatu egin genuen eta guretzat izan zen". 

Azken laurdena ikaragarria izan zen. 32 puntu eskuratu zituen TAKEk. Horietako 18, Goar Artetxek. Bera izan zen partidako saskiratzaile nagusiena, 27 punturekin. Lander Lasak ere 23 lortu zituen.

Bi neurketa asteburuan

Asteburuan etxeko lanak garaiz amaitzeko aukera izango du TAKEk. Izan ere, mailari eusteko garrantzitsuak diren bi partida jokatuko ditu Usabalen. Bata, derbia: larunbatean, 19:00etan Ointxe Mondragon Unibertsitatearen aurka. Bestea, igandean, Venta de Bañosen aurka, 13:00etan.

Duela bi aste Palentziako taldeak buelta hartu zuen errepidean elurra zegoelako, eta adostasunera iritsi ez direnez, federazioak berak hartu du hitzordua zehazteko ardura. 

Bi neurketak irabaziz gero, matematikoki maila mantentzea lortuko luke TAKEk. Oporrak gehiago gozatzeko aitzakia ederra.

Nesken garaipena

Nesken lehen taldeak, berriz, garaipen garrantzitsua lortu zuen arerio zuzena duen Murkil ZAST-en aurka. 32-26 gailendu ziren Iker Otaño eta Kepa Jauregiren neskak. Datorren astean ere partida garrantzitsua jokatuko dute, azken sailkatuaren aurka, Bera Bera Amararen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!