Ametsak sustraitzeko, hausnarketa prozesua

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko martxoaren 11

Argazkia: Tolosako Gazte Asanblada

Tolosako Gazte Asanbladak «dinamika eraikitzailea» martxan jarriko du, igandean, 17:00etan, Plaza Berrian

Astebete da, jada, udaletxeko arkupeetan azken agerraldia eskaini zutenez geroztik, akusazio «faltsuak» salatuz. Horrela, prentsaurreko hartan iragarritakoaren bidetik, aste honetan bertan udal erregistroan aurkeztu dute, TGAko kideek, Tolosarako proiektu autogestionatu baten bueltako txostena.

[Proiektu autogestionatuaren txostena osorik irakurtzeko]

Erantzunaren zain daude orain, baina, bitartean, edukiz bete nahi dituzte balizko etxe horretako hormak. Horrela, Ametsak sustraituz egitasmoa martxan jarriko dute etzi: «Gure ekinbidea ez dugu soilik gaztetxea lortzeko borrokara mugatuko, nahiz eta borroka horretan ez dugun inoiz amore emango», diote.

Igandean, 17:00etan, Tolosako Plaza Berriko kioskoan egin dute ametsak sustraitzen hasteko lehen hitzordua, «gazteek gazteentzako gorpuztutako dinamikak» marrazteko helburuz.

Buruan eta idatzietan duten proiektu hori mamitzeko, beraz, hausnartu eta entzun egingo dute, lehenik. Ondoren, lehen fase horretan bildutako informazio horrekin guztiarekin, lantaldeak osatzea da TGAren nahia: «Alternatiba autogestionatuak martxan jartzeko denon ideiak biltzea dugu helburu hainbat alorretan: etxebizitza, lana, musika, komunikazioa, elikadura burujabetza, informatika, mekanika, ingurumena, zinema…».

Gazte tolosarrei dei egin diete, beraz, hitzorduan parte hartu eta «Tolosak Ezpala gaztetxea zertarako behar ote duen» erabakitzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!