Joan den ikasturtean ekindakoari jarraipena eman, eta Tolosako haur eta gaztetxoen ideiak kontuan hartuz osaturiko proiektuak gorpuzten ari da Haurren Hiria, bigarrenez. Iazko Haurren kontseiluak 8 eta 12 urte bitarteko gela bakoitzeko ordezkariek, alegia hala erabakita, aisialdia da aurten jorratu beharreko gaia. Horrela, behin betiko agenda zehaztu zuten, gurasoen ekarpenekin, otsaileko azken asteburuan.
Batetik, adinaren araberako aisialdiaren banaketa aztertu dute orain arteko saioetan eta, bide beretik, aisialdiak eta kirolek betetzen duten paperaz ere hausnartu dute. Modu horretan eta, metodologiaren oinarritzat jolasa erabiliz, urtaro bakoitzerako proposamenak biribildu zituzten azken bilkuran.
Agenda horretarako zenbait ideia aipatzearren, udaberrian, esaterako, haurren eskulanak herria apaintzeko erabiltzea edo hainbat dantza motarekin ikastaro edo erakustaldiak antolatzea proposatu dute. Udan, berriz, oporraldiari begira, helduen Gau Giro egitarauaren antzeko zerbait haurrentzako antolatzea egokia litzatekeela uste dute neska-mutilek eta gurasoek, eta baita gaztetxoentzako herri kirol eguna ospatzea ere, adibidez.
Jolas tradizionalen inguruko erakusketa batek beteko luke udazkeneko jardueretako bat, eta musika bandako instrumentuak ezagutzeko hitzordu bat ere gustura hartuko lukete. Azkenik, neguan ingurumenarekin loturiko planak egingo lituzkete haurrek: Elosegi parkea jolasen bitartez ezagutzea edo Tolosako landa eremua eta auzoak ezagutzea, esaterako.
PARTE HARTZE HANDIA
Haurren Hiriaren gidaritza daramaten udal langileek laugarren bilkuraren parte hartzea nabarmendu dute, gurasoen inplikazioa txalotuz.
Tolosako Udalak bospasei bilera egitea aurreikusten du, ikasturtea bukatu bitarte, Haurren Hiria lantzen jarraitzeko. Zehaztu dutenez, gainera, orain arte mahai teknikoan biltzen ziren udal sailetako Parte hartzea, Hirigintza, Osasuna eta Kirolak, Gazteria, Kale hezitzaileak langileekin batera, aurten, Tolosako hiru ikastetxeetako guraso elkarteak, aisialdi taldeetako ordezkariak, Altzoan elkartea eta kale hezitzaileak ere egitasmoan ari dira: «Harago joatea izan da helburua, eta gaia zeharkakotasunetik landu nahi izan dugu», azaldu du udalak.
Orain, urte sasoi bakoitzerako proposamenak aurrera ateratzeko baliabideak aztertu beharko ditu udalak. Guztiak gauzatzea «ezinezkoa izango da, baina iazko moduan, aurten besteren bat aurrera aterako da, lan hau epe luzerakoa baita», azaldu dute.