Irriak eta lagunak, euskalgintza goxatzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko martxoaren 10a

Larunbatean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldi bikoitza izango da, Leidor aretoan, Galtzaundiren alde

Urtero errepikatzen den hitzordua da, nahiz eta horrek harrera berorik kentzen ez dion. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek herriko eragileren bat babesteko emanaldia eskaini ohi dute, urtero, martxoa inguruan, eta euskalgintzari eguzki emateko urtea da 2016a. Horrela, Amalur ikuskizuna birritan eskainiko dute, larunbatean, Tolosako Leidorren.

Batetik, Galtzaundi Euskara Elkartearen jardunak eta pailazoen filosofiak bat egiten dute eta, haur eta gurasoak euskarak bildurik Leidorren elkartzea da elkarteak sustatu nahi duen lerroetako bat.

Bide beretik, gainera, Galtzaundi Euskara Elkartearen jarduna finantzatzeko leiho berri bat izango da, aurten, Amalur ikuskizunarena. Neska-mutilen irriak marrazteaz gain, beraz, euskaltzaleenak ere goxatuko dituzte oholtza gainetik zein eserlekuetatik.

Sarrerak Galtzaundi elkartean eskura daitezke Nafarroa etorbidea, 6, 7 euroan, eta eserlekua aukeratu ahal izango da. 16:30ean izango da lehen saioa, eta 18:00etan bigarrena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!