Pasahitza (zaharra)

«Rock-etik atera eta beste erritmo batzuk probatu nahi nituen»

Iñigo Terradillos 2016ko martxoaren 10a

Sorkun abeslari oreretarra Bonberenean izango da larunbatean 'Ziklomorphosia' bere bakarkako laugarren lana aurkeztuz. Erritmo dantzagarriak izango dira nagusi, jazz, funk, soul eta reggaea nahastuz.

Sorkunek azaldu digunez, abestietako hitzak "oso ilunak" dira. Eider Rodrigezek eginikoak dira gehienak, eta Harkaitz Canok ere idatzi ditu abesti batekoak. Disko honetan, rock-a alde batera utzi du Sorkunek, Kashbad taldearekin 2014. urtean eginiko bira eta gero, "zerbait berria" egin nahi baitzuen. Emaitza erritmo desberdinen batuketa, eta doinu dantzagarriz osaturiko diskoa. Hori bai, Kashbadekin edota Fermin Muguruzarekin gisa horretako erritmoak ere jorratu izan dituela dio.

Bere bizitzan nahiz musikan izandako aldaketa islatu nahi izan du lanaren izenarekin, "nolabaiteko metamorfosia izan baita". Diskoak izandako harrerarekin, bestalde, "oso gustura" dago musikaria, eta "pozik" dator Tolosara, "Bonberenean jotzea etxean jotzea bezala baita". Izan ere, bertan aritu ziren Kashbadekin grabaketa lanetan. Kontzertuari dagokionez, 'Ziklomorphosia' lana aurkeztuko du, eta tartean abesti ezagunak ere izango dira entzungai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!