Lidertza galduta, ilusioa ez

M.Iraola 2016ko mar. 8a, 17:52

Argazkia: Maialen Arzalluz (http://cdanaitasuna.eus/)

Anaitasunaren aurka 2-1 galdu eta gero, sailkapeneko lehen postua galdu du Tolosak. Bihar, berriz, 20:30ean pasa den astean atzeratutako partida jokatuko du Berazubin. 

Ligako lehen bi taldeak elkarren aurka aritzen diren partidei dagokien ikuskizuna izan zen larunbatean Txerloia futbol zelaian: zirraragarria, gogorra, borrokatua... Tolosa eta Anaitasuna ziren aurrez aurre, bi talde sendo.

Lehen itzulian ere antzekoa izan zen bien arteko lehia. Biek izan zuten irabazteko aukera, eta Tolosa gailendu zen hartan: 2-0. Asteburukoan ere, biek izan zituzten irabazteko aukerak, oraingoan, ordea, azkoitiarrak izan ziren garaile: 2-1. 

Azken asteotako emaitzak ikusita edonork pentsa lezake maldan behera doala Tolosa. Baina ez, taldeak ongi jokatzen jarraitzen du, irabazteko merituak eginez. Gola falta, ordea.

Eta izan zituen aukerak larunbatean. Partida hasterako, adibidez, hiru. Eta horietako bat, gainera, oso argia. Azkoitiarrek bai, aprobetxatu zituzten eurenak. Lehena, kontraeraso batean. Bigarrena, korner batean, atsedenaldirako minutu gutxiren faltan. Tartean ere gola sartzea lortu zuten tolosarrek, baina epaileak baliorik gabe utzi zuen. "Legezkoa" zela uste du Lillok.

Planteamentu berarekin zelairatu ziren urdinak bigarren zatian, baina 10 minutu beranduago lau aldaketa egin zituen Lillok. Horrek erabat aldatu zuen partida, freskotasuna eman zion Tolosari. Ia denbora guztian Anaitasunaren zelaian jokatzen ari ziren. 69. minutuan iritsi zen Tolosaren gola, Gorka Blankoren bitartez. 

Denbora zuen aurretik. Azken 10 minutuetan, gainera, jokalari bat gehiagorekin ere izan zen, baina ezin gol gehiago sartu. 2-1. Lastima.

Lidertzak alde egin dio Tolosari, baina Lillok astero-astero errepikatzen duenari heldu dio: "48 puntu ditugu, eta 30 geratzen dira jokoan. Asko da hori". Lanean jarraitu behar, ilusioa ez baitu galdu oraindik. 

Bihar, pasa den astean bertan behera geratutako partida jokatuko du Berazubin, 20:30ean, Touringen aurka. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!