Iturralderen 'Perlak, kolpeak, musuak, traizioak' 111 Akademiaren sarirako hautagai

Ataria 2016ko martxoaren 4a

Otsailaren 29ra arte zabalik egon den lehenengo bozketa txandan 2015eko 111 Akademiaren saria eskuratzeko bost obrak hautatu dituzte. Tartean da, Joxemari Iturraldek iaz idatitako Perlak, kolpeak, musuak, traizioak (Pamiela).

Hautatutako gainerako lau obrak Atertu arte itxaron (Katixa Agirre), Ekarri armak (Imanol Muru Uria), Lili eta biok (Ramon Saizarbitoria) eta Hiri hondakin solidoak (Jon Alonso) dira.

Orain hasiko da bigarren txanda eta bost literatur lan horietakoren batek bildutako botoen %40a bere aldeko izango balu, automatikoki emango litzaioke 111 Akademiaren 2015eko saria. Martxoaren 31ra arte iraungo du bozketa txandak eta obraren batek %40a gainditzen ez badu, bi finalista erabakiko dira, azken txandara pasako direnak.

111 Akademiak apirilaren azkenean emango du ezagutzera obra irabazlearen izena eta sari banaketa maiatzean egitea aurreikusten du, Andoainen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!