Tolosa, mendizaletasunaren plaza

Mikel Iraola 2016ko mar. 2a, 17:48

Baraiazarra, Iztueta, Dendaluze eta Peon, hurrenez hurren.

Datorren astelehenetik asteazkenera Mendi Tour zine zikloa izango da Tolosan seigarren urtez. Tolosarren eta euskal produkzioen presentzia handia da aurtengo programazioan.

Sei urte daramatza Tolosak mendizaletasunaren plaza handietako bat izaten, duela sei urte hartu baitzuen, lehen aldiz, Mendi Tour zine zikloa

Hastapen horiek ekarri ditu gogora seigarren edizioaren aurkezpenean Jabier Baraiazarra, Bilbo Mendi Film Festival jaialdiko zuzendariak: "Bihotzez eskerrak ematen dizkiogu Tolosari, hastapenak gogorrak izaten direlako eta bidelgaun ona aukeratu genuelako. Festibalari bultzada handia eman dio Tolosak: Euskal Herrian jaialdia errotzen eta nazioarteratzen lagundu du". 

Mendi Tour, mendiarekin, abenturarekin eta naturarekin harremana duten pertsonen ezinbesteko hitzordu bilakatu da. Olatz Peon alkatearentzat arrakasta hori "ez da kasualitatea, Tolosan mendiarekin lotura estua duen jendea dagoelako".

Ediziorik tolosarrena

Tolosar erara. Horrela dator aurtengo edizioa, ez baitira gutxi filmen sorkuntzan parte hartu duten herritarrak. Horren adibide nagusi da Pablo Dendaluzeren Biziminez filma. Modu batera edo bestera, gutxienez zazpi tolosarrek hartu dute parte proiektu horretan. 

Josu Iztueta bidaiari eta abenturazale tolosarra da film horretako protagonista nagusietako bat, baita proiektu honen sustatzaile nagusia ere. Hain zuzen, Bilboko jaialdian Baraiazarrak botatako "enbido" batetik sortu zen filma egiteko aukera: "Jabik galdetu zidan ea ba ote nuen kontatzeko moduko istorioren bat. Antxon Arza aspaldiko laguna nuen, eta ondoren gainontzeko lagunak bilatu genituen: Pablo, Mauro, Juantxo...". 

Proiektua xumea, baina mimoz egindakoa dela azaldu du Iztuetak: "Guk jarri genituen sua, ontziak eta babarrunak, suertez esparru horietan mugitzen garelako. Norberak bere poltsikotik ordaindu zuen bidaia". Horrexegatik, "sentimentuz" egindako filma dela azpimarratu du tolosarrak: "Emozio eta hausnarketa film bat da". 

Programaziorik onena

Baraiazarraren esanetan, "sekula izan den programaziorik onena da aurtengoa". Osatu duten programa horretatik euskal produkzioak azpimarratu nahi izan ditu jaialdiko zuzendariak, bai kalitate, baita kantitate aldetik ere: "Gure helburua euskal film gehiago izatea zen, eta lortu dugu".

Jarraian, euskarazko filmen inguruan Baraiazarrak esandakoak:

  • PIZTU: "Duela bi urte sortu genuen film laburren lehiaketa irabazi du. Iñaki eta Mikel Urrestik, inongo asmorik gabe sortu zuten film hau, baina oso lan polit egin dute".
  • URZULO: Santi Uharte Oñatiarraren lan honek euskarazko film onenaren saria jaso zuen Bilbo Mendi Film Festival-en".
  • DOMINICA: "Zinez hunkigarria da, gaur egungo aldarrikapen zoragarria. Emakumeek artzaintzan izan duten papera jorratzen du, Eli Arrillagaren istorioa kontatuz. Fredi Paia da zuzendaria eta Aitor Gisasola ekoizlea. Aitor bera Tolosan izango da".
  • BIZIMINEZ: "Bihotzez hitz egin behar dut. Sekulako poza hartu nuen maila pertsonalean. Lan ikaragarria egin dute. Esfortzua eurek dakite noraino eraman duten. Nazioartean ere jarriko dute eta hori oso garrantzitsua da. Koreako festibalerako eskaera jaso berri dute, esaterako". 

[Programazio osoa ikusteko]

Egitarauaz kanpoko beste bi lan ere azpimarratu ditu Baraiazarrek. Hasteko, Iraitz Ezkergain eskiatzaile tolosarraren bizitzaren inguruko film laburra eskainiko dute "bonus" gisa. Horrez gain, Camping Euskaldunen Elkarteak antolatzen duen argazki lehiaketako lan finalistak ere ikusi ahal izango dira Leidorren. 

Bihartik aurrera jarriko dituzte salgai seigarren edizio honetako sarrerak, Leidorren, 19:30etik aurrera. Salneurria bost eurokoa izango da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!