Amalur Jardunaldiak: Itsasoari begira

Imanol Garcia Landa 2016ko ots. 26a, 09:37

Argazkia: Joseba Mercader

Amalur jardunaldien 11. urtea izango da aurtengoa eta ekitaldiak bilduko dituen gaia itsasoa da. Martxoaren 3an hasi eta ekitaldiz zipriztindutako egitaraua prestatu dute, itsasoan murgiltzeko.

Hamar urte pasa dituzte Amalur jardunaldien antolatzaileek Lurra planetako herrialde eta toki ezberdinak ezagutu eta Tolosara ekartzen: artikoa, basamortuak, Amazonia, Nepal... Aurtengorako gaiak pentsatzerakoan, itsasoa azaldu zen. «Gure buruari galdetu genion, zergatik ez? Ez dugu ukitu gai hori, lur guztiarekin muga egiten duen eremu zabal bat da. Ikusi genuen aproposa izan zitekeela, kontuan izanik gainera itsasotik 25 kilometrotara gaudela», azaldu du Kike Zinkunegik, jardunaldien antolakuntza taldeko kideak. «Pentsatu genuen: hainbat denbora lurretik ibili ondoren, murgildu gaitezen pixka bat ur azpira eta ea zer aurkitzen dugun itsasoan».

Jardunaldiak prestatzerakoan, Julio Villarrek eta bere obrak garrantzi berezia izan dute. «Orain 11 urte jardunaldiak antolatzen hasi ginenetik, asmoetako bat izan da hizlari eta partaide esanguratsuak ekartzea, eta hurbilekoak baziren askoz hobe, bazeudelako eta badaudelako hainbat ekimen interesgarri, jendeak ezagutzen ez dituenak, eta Amalur izan daiteke horiek ezagutarazteko bide bat», esan du Zinkunegik. Bide horretan, inspirazio iturri izan diren hainbat pertsona dituzte, eta horietako bat da Julio Villar. «Saiatu gara bi edo hirutan ekartzen, eta beti berak, bere apaltasunean, bigarren plano batean egon nahi izan du», esan du Zinkunegik.

Josu Iztueta antolakuntza taldeko kideak egin du Julio Villarren soslai laburra: «Munduari bira eman zion belaontzi batean mendi istripu bat izan eta gero. Ez zen gauza mendira joateko, eta nabigatzeari buruz ezer ez jakin arren, zazpi metroko belaontzi txiki bat hartu eta munduari buelta ematera joan zen. Lau urtera itzuli zen, justu Everestera joateko Tximist espedizioarekin». Iztuetarentzat Villarrek «dena» suposatzen zuen: «Mendiko erreferente bat, istripu baten ondorioz itsasoari begira jarri zena, gero berriz ere mendira joan zena... Eta berak idatzitako Eh, petrel! liburua, 15 urte genituela mesanotxeko liburua zen, eta ia beti opari egokia antzeko jendearentzat».

Zinkunegik gaineratu duenez, «berak idatzitako Eh, petrel! liburua izan zen guretzako gida bat. Viaje a pie izan zen bigarrena. Eta hor azaltzen zen filosofiarekin bat zetozen gure jardunaldiak. Keinu txiki bat egin nahi genuen. Horregatik, itsasoa landuz saiatu gara nolabait bera hurbiltzea Tolosako jendearengana, bere figura, bere lana, bere obra, eta bere inspirazioa».

Itsasoa bizilekua da jende askorentzat, ogibide, ondo pasatzeko leku bat... «Leku fisiko baten ondorioa da eta saiatu gara hori osotasunean tratatzen, jende estilo ezberdinekin, eta Julio ez da protagonista, baina aitzakia on bat da itsasoari heltzeko», esan du Iztuetak. Julio Villarrek ez badu parte hartuko hizlari bezala ere, aurtengo Amalur jardunaldietan presentzia berezia izango du. Batetik, berak egindako marrazkia erabiliko dute jardunaldien kartela egiteko. Bestetik, Eh petrel! liburuan oinarritutako antzezlana ekarriko dute Tolosara, Astrolabium Teatroa taldearen eskutik.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!