Amalur Jardunaldiak 2016: programa, xehetasun guztiekin

Imanol Garcia Landa 2016ko ots. 26a, 09:44

MARTXOAK 3, OSTEGUNA, 20:30

AFARI-SOLASALDIA KEPA ACEROREKIN

Gure Kaiola elkartea, 20 euro

Lehenengo aldia izango da afari-solasaldia egiten dutela modu irekian, hau da, jendearen parte hartzeari irekia. «Askotan hizlariak kanpotarrak izaten dira eta hona etortzen direnean hemen gelditzen dira lotan», azaldu du Zinkunegik. «Aurretik afaria egiten dugu, eta elkarte batera joaten gara, ez baitute normalean giro hori ezagutzen».

Aurten gauza berriak sartu nahi zituzten eta pentsatu dute formatu berri horri ekitea. «Ohikoak dira bertso-afariak, adibidez, eta zergatik ez egin berdina Amalur jardunaldietan hizlari batekin?». Horixe bera egingo dute Kepa Acero algortarrarekin. «Surflaria da, urte askotan lehiaketan goi mailan aritutakoa. Une batean erabaki zuen hori ez zela bere bidea, ez zela eroso sentitzen, eta beste ikuspuntu bat irekitzea pentsatu zuen surfaren inguruan, bidaiatzeari buruz eta bere bizitzari buruz», esan du Zinkunegik. «Gaur da eguna bost urte bidaiatzen daramatzala, olatuak bilatzen. Berari bizia ematen diona da surfean aritzea, olatuen gainean hegan egitea, berak dioen moduan, eta saiatzen da Google Earth-en bitartez olatuak non egon daitezkeen ikusten, normalean toki ezezagunetan, eta hara joaten da».

Acerok «gertutasuna» eskaintzen dutela diote antolatzaileek: «Asko transmititzen du, eta bere mezua izaten da gustatzen zaizun hori egitea, bere kasuan surfarekin egiten ari dena». Eta Acerok ematen duen hurbiltasun hori baliatuz pentsatu dute afari-solasaldia egitea. Gure Kaiola elkartekoei proposatu eta aurrera atera da.

Afari-solasaldiaren barruan, Joseba Mercader tolosarrak bere Balegur proiektua aurkeztuko du. «Itsasoak ekartzen duena jaso, eta bere eskuen bitartez arte bilakatzen du», esan du Zinkunegik. «Denboralea dagoenean, Joseba itsaso aldera joaten da eta materiala jasotzen du, eta gero hortik sortzen ditu bale formako egurrak. Baleak badu sinbolo hori, animalia basatia, gure kostetatik desagertu eta orain pixkana berreskuratzen ari dena. Nolabait espazio naturalen kontserbazioa aldarrikatzen du».

Afari-solasaldira joateko txartelak Topic-en eta Gure Kaiola elkartean eskuratu daitezke. Informazio gehiago jaso daiteke 943650414 edo 687074110 telefono zenbakietara deituta.

MARTXOAK 10, OSTEGUNA, 19:15 ETA 21:45

'CUANDO TODO ESTá PERDIDO' FILMA

Leidor aretoa, Tolosako Zineklubaren zikloaren barruan, 5 euro

Tolosako Zineklubarekin aurretik ere elkarlanean aritu dira Amalur jardunaldietatik, eta oraingoan ere ekitaldi moduan txertatu dute zineklubaren emanaldi bat. Robert Reford protagonista den filma da Cuando todo está perdido, J.C. Chandorrek zuzendua. «Zineklubekoek aukeratu dute, gure programazioa ikusita, zein izango den filma», azaldu du Zinkunegi. «Zer egin itsasoan bakarrik geratzen zarenean, motorrik gabe, haizerik gabe, denbora luzez, hortik bizirik ateratzeko? Filmak gai aproposa eskaintzen du gure jardunaldiei beste puntu bat emateko».

MARTXOAK 16, ASTEAZKENA, 19:30

'ITSASO BIZIA' MAHAI INGURUA

Parte-hartzaileak: Enrique Franco (Ambar elkartea), Izaskun Suberbiola (Mater Itsasmuseoa) eta Amaia Astarloa (Surfrider Foundation España).

Topic aretoa, doan

Itsasoaren «alde bizia» ukitu nahi dute, «biologia, kontserbazioaren aldetik», mahai inguru horrekin. «Iruditu zitzaigun pertsona bakar batek hitz egitea baino adituak diren hiru ekartzea», zehaztu du Iztuetak. Hiru elkarteko ordezkari izango dira mahai inguruan: Ambar elkartea, Mater Itsasmuseoa eta Surfrider Foundation España. Itsas baliabideen erabilera jasangarriaren alde lan egiten duten elkarteak dira, eta euskal kostaren, faunaren eta ekosistemen kontserbazioan aritzen dira.

MARTXOAK 17, OSTEGUNA, 19:30

XABI FERNANDEZ: 'MUTURREKO NABIGATZAILEA' HITZALDIA

Lordi Saralegik aurkeztuta

Topic aretoa, doan

Ibarrakoa da Xabi Fernandez, kirolari bezala hainbat lorpen egindakoa eta itsasoan ere hainbat abentura bizitakoa. «Ingurukoetatik azken urteetan itsasoan gau gehienak pasa dituena izango da», dio Iztuetak. «Lordi Saralegik ondo ezagutzen du Xabi, eta berak aurkeztuko du». Fernandezekin itsasoaren alde ludikoa erakutsi nahi dute jardunaldietan. «Hasieran jolasa zena, gero gozatzea, azkenean ogibide bihurtu den zaletasuna da nabigatzea Xabirentzat», esan du Iztuetak.

MARTXOAK 18, OSTIRALA, 19:30

XABIER AGOTE (ALBAOLA ITSAS FAKTORIA): 'ITSASOTIK LEHORREAN GALDUTA' HITZALDIA

Topic aretoa, doan

Albaola Itsas Faktoria hamar urte dituen proiektua da, ontziola txiki batean hasi zena. «Lehen ontzi txikiak egiten zituzten, justu atetik ateratzeko modukoak zirenak», azaldu du Iztuetak, «eta azken urteetan San Joan galeoia egiten buru belarri ari dira Pasaia San Pedron. Ez da bakarrik galeoia egitea, garai bateko nabigazioa, ohiturak, janariak,... berreskuratzen ari dira. Lan handia egiten dute, eta itsasoa aldarrikatzen dute euskaldun askoren bizileku moduan». Proiektu horren arduradunetako bat da Xabier Agote, eta orain arte zertan ari diren eta egun zer lantzen ari diren azalduko du.

Hitzaldi horrekin lotuta, martxoaren 19an, larunbata, Trianguloa plazan, Albaola zure plazan: ontzigintza tradizionalaren erakustaldia jarduera izango da goizean. «Guretzako garrantzia handia duena da Albaolako proiektua», azaldu du Zinkunegik. «Askotan diogu hau Europako beste herrialde batean egongo balitz, bertako turismoari begirako izarra izango zela. Hemen oraindik asko dira ez dutenak ezagutzen. Albaolakoek dioten moduan, itsaso odisea handienetako bat bizitzen ari gara orain».

San Joan baleontziaren erreplika egiten ari dira, garai bateko teknikak erabilita, eta lan hori beraien tailerrean erakusteaz aparte, kanpora atera nahi dute. Horrela, azoka eguna dela aprobetxatuz, beraiek egindako txalupa bat ekarriko dute Tolosara, eta horretaz gain, bi arotz etorriko dira egurra lantzeko modu tradizionala erakusteko. «Modu horretara jendeari erakutsi nahi diote zer egiten ari diren, eta gonbidapena egin Albaolara joateko proiektua bisitatzera».

Hain justu, proiektua bisitatzeko irteera antolatu dute igande horretarako Amalur jardunaldietatik. Martxoaren 20ean, bisita gidatua egingo dute Albaola Itsas Faktoria eta Mater Museoa ezagutzeko. Egun osoko irteera izango da, 10 euro balio ditu, eta izena eman daiteke zenbakian. Bazkaria norberaren kontu izango da.

APIRILAK 28A, OSTEGUNA, 20:30

'EH, PETREL! CONVERSACIONES CON JULIO VILLAR' ANTZEZLANA

Astrolabium Teatroa

Topic aretoa, 12 euro

Mikel Sarriegi aktore eta zuzendari hondarribiarrak, Eh, petrel! liburuan oinarrituta antzezlana prestatu du. «Estreinatu berri da eta hori Tolosara ekartzea izan da aurtengo asmo nagusietako bat. Julio Villarren obrari buruzko keinua izango da», zehaztu du Zinkunegik.

Baina Amalur jardunaldien lotura Julio Villarrekin ez da hor amaituko, proiektu bat baitute esku artean. «Julio Villar donostiarra da, eta Katalunia eta Donostia artean bizi da. Berak Eh, petrel! liburua gazteleraz idatzi zuen. Katalanez ere badago, frantsesez ere bai, baina euskaraz ez dago», azaldu du Zinkunegik. «Opari moduan proposamena egin genion liburua euskarara itzultzeko. Badaude bi pertsona dagoeneko lan horretan, eta proiektuaren aurkezpena ziur aski jardunaldien barruan egingo dugu». Asmoa dute urte amaierarako itzulpena bukatzeko, «Julio Villar eta bere obra ezagutzen ez duten gazteek, euskaraz horretaz gozatzeko aukera izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!