«Ez da irabaztea bakarrik, niretzat irabazteak baino gehiago balio du gozatzeak»

Asier Imaz 2016ko ots. 24a, 11:49

Iaz finalean egon zen Ioritz Egiruren tolosarra, eta txapelik gabe geratu zen. Larunbatean, bigarren aukera izango du.

Finalerdietako partidan asko sufritu zenuela ikusi genuen.
Bai. Irabaztea lortu genuen, eta finalera pasatzea, baina jokatutako partidarekin ez nintzen batere gustura geratu. Ea hurrengoa hobeto ateratzen den eta gehiago gozatzen dugun. Azkenean, hemen gozatzera atera behar dela uste dut. Ez da irabaztea bakarrik, niretzat irabazteak baino gehiago balio du gozatzeak.

Otaduirekin ari zara jokatzen. Zuretzat atzelari ezinhobea dela ematen du.
Bikote batek jokatu bakarrik ez du egin behar, elkar animatzen ere jakin beharra dago. Otadouik asko laguntzen dit. Askotan partidatik erraz ateratzen naiz, eta horretan asko laguntzen dit; berriro zentratzen, tantoa ahazten laguntzen eta nola jokatu behar dudan esaten. Horrek asko balio du.

Lehendik ezagutzen al zineten?
Aurka dezentetan jokatu dugu, baina elkarrekin ez. Hala eta guztiz ere, aldageletan beti izan dugu feeling ona. Martijarekin hasi nintzen txapelketa jokatzen, baina asteburuan debutatu zuen eta bere ordez jarri zidaten Otadui. Egia esan, oso gustura nago.

Final honek zer esanahi dauka zuretzat?
Herriko txapelketa bat da, eta alde horretatik oso gustura nago. Txapelketa polita da, maila dezentekoa. Ea azken partidan baino gehiago gozatzen dugun.

Gozatzea aipatzen duzu behin eta berriz. Zer da gozatzea zuretzat?
Nire buruarekin eta egiten ditudan jokaldiekin gustura sentitzea. Nahiz eta partida galdu, nire buruari ondo jokatu dudala esatea, eta horrekin gustura egotea.

Txapelketaren maila aipatu duzu lehen. Parte hartzea ikusita, hori agerian geratu da urte hauetan.
Iazko eliteko bi finalistak debuta egin dute. Promesetan Elordik jokatu zuen, eta honek duela gutxi egin du jauzia. Martija lehen aipatu dugu. Izen horien artean egoteagatik, eta lagunen eta familiaren aurrean jokatzeagatik, txapelketa berezia da.

Presiorik sentitzen al duzu?
Ez, presiorik ez. Jende gehiago etorriko da finalera, eta horrek urduritasun puntu hori sortuko dit, baina presiorik ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!