Jose Ignacio Asensiok zinegotzi kargua utziko du

Ataria 2016ko ots. 22a, 21:00

Biharko osoko bilkuran emango du erabakiaren berri. Tolosako Udaleko kirol zinegotzi kargua Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren karguarekin bateratu behar izan du sozialistak.

2011tik gaurdaino, Jose Ignacio Asensio izan da PSE-EEk Tolosako Udalean izan duen ordezkari bakarra. Oscar Renedoren lekua hartu zuen orduan.

Maiatzeko hauteskundeen ondoren, ordea, oposizioan aritzetik gobernuan izatera pasa zen, EAJ eta PSE-EEren akordioa medio. Peio Etxabe ordezkatu zuen kirol zinegotzi karguan, eta lan horretan aritu da orain artean.

San Joan egunez eman zituzten jakitera EAJk eta PSE-EEk, Gipuzkoako Foru Gobernuko zortzi diputatuen izen-abizenak. Horien artean zen tolosarra. Ekainaren 25ean hartu zuen kargu berria, eta ordutik biak bateratu behar izan ditu. Abuztuaren 25ean, berriz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari izendatu zuten.

Aurrez pentsatua bazuen ere, "uzteko une egokia hauxe" dela jakinarazi dio diputatu sozialistak TOLOSALDEKO ATARIAri: "Juridikoki ez dago bateraezintasunik, baina beti pentsatu izan dut kargu politiko batek, kargu bakarra izan behar duela. Nik orain diputatu gisa gai potoloagoetan lan asko dut eta horretan zentratuko naiz" gehitu du.

Ordezkoa, Christian Fernandez Susin

Jose Ignacio Asensioren lekua Christian Fernandez Susinek beteko du. Fernandez eta Asensiok baieztatu dute albistea. Asensiok honela definitu du bere ordezkoa: "Gaztea da, ongi prestatua. Gainera, kirolaria da eta leku egokia da berarentzat".

Bere lanari dagokionez, herrian "gustura" aritu dela nabarmendu du Asensiok: "Aurreko legealdian denbora galdu zen. Aldaketa grina zegoen Tolosan, eta guk izan dugu aukera hori. Herrian gustura egin dut lan, interesgarria izan da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!