«Txirrindularitzak diziplina behar duela ikasi behar dute»

Asier Imaz 2016ko ots. 17a, 14:30

Ainhoa Artolazabal tolosarra da Gipuzkoa Caja Rural Bide Bide nesken txirrindulari taldeko arduraduna. Denboraldia aurkeztu berri dute, eta taldearen gaurkotasunaz hitz egin du.

Nondik sortu zen proiektua?
Gogoan dut ni txirrindularitzan ibiltzen nintzenean taldeak zeudela herri gehienetan eta emakume asko ibiltzen zirela. 20 urte beranduago, konturatu nintzen emakumezko sei txirrindulari soilik zeudela Gipuzkoan. Zerbait egin beharra zegoela sentitu nuen. Pentsatu nuen nik jaso nuen hori ondorengoei ere eman behar niela, zor niela.  Ni ibiltzen nintzenean taldeak zeuden herri gehienetan. 20 urte beranduago, konturatu nintzen sei txirrindulari bakarrik zeudela, eta hortik dator proiektu hau. Konturatu nintzen zerbait egin beharra zegoela. Ikusten genuen zor nuela, niri eman zidaten hori nik ere oraingoei eman behar niela.

Aurten, 17 txirrindulariko taldea osatu duzue. Zer moduzko taldea da?
Kadete mailatik, 14-15 urte bitartetik, jasotzen hasten gara txirrindulariak. Aurten 23 urtez azpiko bat ere badaukagu. Ikasteko daude eta irakatsi egiten diegu. 23 urtera pasatzen direnean, gehienak Bizkaiko taldeetara joaten dira. Badira bi talde UCIkoak direnak, eta horrela beste maila batean lehiatzeko aukera dute. Ez dira txirrindularitzatik biziko, baina asko ikasiko dute, txirrindularitzaren kultura gehiago barneratuko dute eta sekulako esperientziak izango dituzte. Aberatsa izan daiteke hori norberarentzat.

Zer eskatzen diezu txirrindulariei?
Lana. Arduratsuak izan behar dute, beraiek lehiatu dezaten, atzean pertsona talde bat dagoelako lanean: esponsorrak bilatu, entrenamenduak prestatu, errepideak antolatu... Eskatzen zaie lanarekin itzultzea besteen lana. Azken batean, jarrera lehiakorra izan dezatela. Gaztetxoak dira eta asko dute ikasteko, eta emaitzak lortu baino lehen horren atzean dagoen lana barneratu behar dute: eguneroko diziplina, entrenamenduak, ikasketak... Egunerokotasuna antolatzen jakin behar dute. Azken finean bizikletak eskatzen duena bizitzarako baliagarri izatea. Emaitzak bigarren plano batean geratzen dira.

Altxorrak ere badituzue taldean. Eukene Larrarte liderra, esaterako, emaitza bikainak lortzen ari da.
Emaitzak, normalean, 23 urteak bete ondoren iristen hasi behar dute. Bitarte horretan emaitzak iristen badira, are hobeago. Eta zentzu horretan Eukene Larrarte dabil orain puntan. Sorpresa bat izan zan guretzat, duela bi urte arte futbol atezaina zelako. Oinarrizko gauza batzuk ikasteko dituen arren, gaitasun fisiko oso onak ditu. Esaterako, pistako egutegian, Espainiako Kopako lidertza hartu du.

Zuri zer eman dizu txirrindularitzak?
Zerbait lortu ahal izateko lan egin behar dela jakitea. Bizikletak zerbait erakutsi badit izan da lanean jarraitu behar dela izan da. Egunero gehitzen joan behar dela, denbora batera emaitzak jaso ahal izateko. Bizikletak diziplina eman dit, eta gero egunerokotasunera transferentzia bat egin dut.

Esponsorren inguruan hitz egin duzu. Taldearen elkargunean Tolosa da, baina esponsorra nafarra denez, hara joatea egokitzen zaizue askotan. Hala ere, zeinen garrantzitsua den laguntzaileak izatea...
Oso zaila da. Urtero ibiltzen gara gora beherekin. Garaiak ez dira onak, eta ez da erraza esponsor onak topatzeea. Gainera, txirrindularitzak dirua eskatzen du. Jantziak oso garestiak dira, eta horri gehitu bidaietan joaten den dirua: ostatuak, gasolinak... Hortik kanpo Euskaldun txapelketako egutegiaz gain, Espainiako Kopako zortzi lasterketa daude eta horietara joaten saiatzen gara. Biltzen dugun diru kopuruaren arabera zehazten dugu zenbatetara joan dezakegun.

Hiru nagusi dituzue. Nahikoa al dira?
Caja Rural, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bide Bide dira nagusiak. Baina baditugu laguntzaile txikiagoak ere bai, guztiz baliagarriak direnak, eta asko eskertzen diegu ematen diguten laguntza. Hiru ez dira nahikoa. Beti gabiltza esponsor gehiagoren bila, beti daudelako gastuak. Kasu honetan bilaketa denboraldi osora zabalik izaten dugu. Urteko lan potoloena izaten da bilaketa hori.

Erlazionatuak

Lanari begira lanean

Asier Imaz 2016 ots 17 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!