Mendiarte elkartea sortzeko azken lekuak libre

Ataria 2016ko ots. 11a, 11:33

Larramendi auzoan Mendiarte Gastronomia Elkartea martxan jarriko da datozen egunotan eta izena eman daiteke otsailaren 29a bitarte

Azken urteotan Larramendi auzoa hazi eta gaztetu da ezbairik gabe. Honela, auzoan ere zerbitzu berriak martxan jarri dira baina oraindik ere ezartzeko beste zenbait geratzen dira. Azken proiektuetako bat elkarte gastronomikoa abiatzea izan da. Hainbat deialdi ezberdinen ondoren, elkartea gauzatze bidean da oraingoan. Izan ere, Mendiarte Gastronomia Elkartean azken hamar eserlekuak baino ez daude libre.

Larramendiko hainbat auzotarrek iaz ekin zioten elkarte gastronomikoa sortzearen asmoari. Iban Lopitzek eman du bilakaeraren berri: «Aurretik jende gehiagorentzat elkartea izatea aurreikusi genuen, baina jende gutxiago elkartu garenez, bigarren proiektu honi ekin behar izan diogu. 30 kiderekin aurrera egiteko moduan izango gara».

Gauzak honela, momentuan azken hamar plazak eskaintzeko moduan da elkarte berria. Eta baita deialdia zabaldu ere. Iban Lopitz elkartekideak horretarako bideak azaldu ditu: «Interesa duenak otsailaren 24ean egingo dugun bilerara etor daiteke, informazio gehiago jasotzeko. Bestela ere, aukera du gure blogean informazioa jasotzeko mendiartelkartea.blogspot.com edo posta elektronikoz informazioa eskatu mendiarteelkartea @gmail.com-en bitartez».

KOKALEKUA

Gastronomia elkarteak hartu duen izena, «bozketa bidezkoa», Lopitzek jakinarazi bezala, kokalekuaz ere informazioa ematen du: Mendi artean. Izan ere, «gure auzoa eta baita Tolosa ere mendi artean dagoelako», argitu du Lopitzek. Baina datu zehatzagoak emate aldera, San Juan eta Artxipiaga plazen artean kokatuko da, «azken proiektu honetan Artxipiaga aldera emango du elkarteak».

Hurrengo pausua, lokalaren obra eta egokitzapena izango da. Fase honi otsaila amaieran emango diote hasiera, «behin kide kopurua zehaztutakoan. Otsaila bukaeran jakingo dugu azkenean zenbat kide garen, azken zenbakiak atera eta martxan jarriko gara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!