Inauterietako parte hartze altua nabarmendu du Tolosako Udalak

Ataria 2016ko ots. 10a, 16:06

Inauterien biharamunarekin Tolosako Udalak jaien balantzea egin du. Eguraldia lagun, aurtengo inauteriak "bikainak" izan direla nabarmendu du.

Ororen gainetik, Tolosako Udalak lanketa eta parte hartze altuak nabarmendu ditu: "Ikusgarritasuna, umore ona eta festa giroa ez dira falta izan". Puntuz-puntu, hauek dira sei eguneko festetatik ateratako ondorio nagusiak:

Karrozak geldirik, ikuskizun gehiago

Aurtengo inauterietako berrikuntza nagusia karrozak geldirik egotearena izan da. Bada, udalak aldaketa "positiboa" izan dela azpimarratu du, bai segurtasun aldetik, baita ikuskizunari erreparatuta ere: "Parte-hartzaileek denbora gehiago izan dute beraien ikuskizuna plazaratzeko, mugimenduan galtzen zuten denbora aurreztu baitute".

Zarata, konpondu beharreko auzia

Karrozekin jarraituz, zarata izan da azken urteotan eztabaidagai nagusienetako bat. Musikaren bolumena jaisteko neurriak "bide onetik" doazela esan du udalak, eta aurten konpartsetako kideek errespetu "handiagoa" erakutsi dutela musikariekiko. Dena den, datorren urtera begira ere, konpondu beharreko auzien artean egongo dela azaldu du.

Horrez gain, karrozen amaiera ordua ordubete lehenago izan da aurten: 00:00etarako erretiratu behar zuten. Udalaren esanetan ez da guztiz bete: "Egun batzuetan izan dira hainbat kasu. Deiak ere jaso ziren, baina kasu isolatuak izan dira".

Salaketak behera, istilu gutxiago

Lapurretak eta istiluak urterokoak izaten dira. Aurten ere arazo horiek errepikatu dira, baina salaketa aldetik, behera egin dutela jakinarazi du udalak. Azpimarragarriena, salatutako sexu erasoa izan da, eta hura irmoki salatu zuen. Bestalde, kartera eta mugikorren lapurreten salaketak erdira murriztu dira, 40tik 18ra.

Lanketak fruituak eman ditu

Gazteei alkoholaren kontsumoak dituen arriskuez ohartarazteko asmoz, Udalak lanketa berezi bat egin du Inauteri hauetan. Astelenitan sortzen diren arazoez ohartaraziz eta aktuazio irizpideak azalduz Gipuzkoako ikastetxetako ikasle eta guraso guztiei gutun bat helarazi zien.

Lanketa horren balorazio "oso positiboa" egin du udalak, horren ondorioz zezen plaza ingurua "kontrolatuago" egon delako. Botiltzarraren eraginez artatutako gazteak 15etik 6ra igaro dira.

Kaleak, garbi

Kale garbiketan aritu diren langileei esker, inauterietan kaleak "garbi" izan direla azpimarratu du udalak: 186 m3 hondakin jaso da guztira; 606.000 litro ur erabili dira kaleak garbitzeko, iazkoaren bikoitza. Desinfektanteari dagokionez, 550 litro erabili dituzte.

Trafikoan arazorik ez

Udalak garraio publikoaren erabilpen zabala nabarmendu du. Ez da arazorik izan zerbitzuei dagokienez.

Iradokizunen zain

Interesa duen orok bere iritzi edo iradokizunak zuzenean Kultura, Gazteria eta Jaien zinegotziari bidaltzeko aukera izango du kulturetxea@tolosa.eus helbidea erabiliz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!