2008. urtean Errege Magoen etorrerak ireki zuen Ostegun Gizeneko txupinazoa; urtarrilaren 31k hartu zuen inauterien lehertzea, eta Kabi Alaik jai goiztiarrak baliatu zituen urteroko txantxari forma emateko. Inork ez daki inauterietako korporazio xelebreak aurten balkoian egingo duena, baina Santa Ageda bezperak hartuko du, astebete barru, Tolosako festarik desiratuenen txupinazoa. Goizegi iritsi direla ahoz aho dabilen arren, kalera irten besterik ez da egin behar, Tolosa maskara azpian gordetzeko gogoz dela usaintzeko.
Gogoz eta lanez, kaosaren legea nagusi denean ondo pasatzeko, lan pixka bat egin behar izaten baita aurretik. Horrela, atzera kontua gero eta laburragoa bilakatzen den egunotan, kaldereroen etorreraren mokadutxoak asetuko du inauterizaleen harra, larunbatean bertan.
Tolosako Udalak gaur bertan aurkeztu du egitarau ofiziala eta, Olatz Peon alkatearekin batera, bertan izan dira Nuria Carbonell kultura eta festa zinegotzia, Maite Ruiz de Eguilaz berdintasun zinegotzia, Ane Izagirre aisialdi taldeetako kidea, Miren Pastor karroza eta konpartsetako kidea eta, azkenik, Ramon Artola Ero Etxe txarangako zuzendaria.
"Urte-garai berezia izaten da inauteri aurrekoa", Olatz Peonek nabarmendu duenez. Horrela, "urtero errepikatzen baina urtero berritzen diren" jaiak direla azaldu du, 2016ko inauterietako aldaketei bidea irekitzeko.
Nobedadeetan lehena karroza eta konpartsen esparrura iritsiko da, Zaldunitatik Asteartitara bitarte. Azken urteotan gora eta gora egin du herritarren parte hartzeak, eta kalearen dimentsioak festa egin nahi duten herritar guztiekin uztartzeko, neurri berri bat proposatu dute aurten: karrozak eta konpartsak geldirik egongo dira ibilbidean, eta jendea izango da horiek ikusteko mugituko dena.
Azken hamarkadan Tolosako inauterien inguruan sortutako polemika nabarmenena ere karrozen ingurukoa izan da, musikaren bolumenak eragiten duen soinua dela eta. Ika-mika hori konpontze aldera eta, "bakoitzak bere inauteria errespetuz" bizitzeko, bi irizpide izango dira astebete barru. Batetik, zezenetara igoeran nahiz jaitsieran, karrozek musika itzali egin beharko dute, txarangen kalejirari protagonismoa emateko. Halaber, gauean ordubete gutxiago izango dute, karroza eta konpartsek, musika jartzeko: 01:00ean beharrean, gauerdian itzali beharko dute musika.
Txaranga eta karrozak aipatuta, Tolosako inauterien hirugarren hanka falta da: zezen festak. Sarreren fenomenoa errepikatzen ari da, beste behin, eta internet bidez salgai jarritako guztiak, egun bakarrean agortu ziren, joan den astelehenean. Otsailaren 1etik 3ra bitarte, ordea, bigarren aukera izango dute txartelik gabe geratu zirenek: 16:00etatik 20:00etara sei leihatila izango dira Leidor aretoan. Azkenik, zezen festen egunetan ere 15:00etan zabalduko dute zezen plazako leihatila.
Zezen plazara esertzera baino, txarangen atzetik saltoka sartu nahi dutenentzat, berriz, eskuzko kontaketa egingo dute aurten, iazko moduan.
Mozorroari ere, gizalegea
"Beti esaten da inauteriak araurik gabeko jaiak direla, baina oinarrizko gidalerro batzuk izatea ezinbestekoa da", Olatz Peon alkatearen iritziz. Horrela, aurrez aipaturiko neurri berriekin batera, gizalegezko zenbait arau hizpide izan dituzte agerraldian.
Batetik, Maite Ruiz de Eguilaz berdintasun zinegotziak "emakume eta gizonen arteko errespetuzko jaiak" desio dituela azpimarratu du eta, bide horretan, Joka Sano kanpainarekin bat egingo du udalak, aurten ere. "Indarkeria matxista ez dute jai-giroak eta alkoholak arrazoitzen", eta emakumeak festak askatasunez bizitzera eta gozatzera ateratzea aldarrikatu du.
Aipatzekoa da, gainera, parekidetasunaren esparrutik irten gabe, udalak aurten bigarrenez eskainiko duela karroza eta konpartsa lehiaketako txapela morea; talde berdinzaleenak jasoko du.
Tolosako inauteriak adin guztietako herritarrentzat gozamenaren plaza direnez, gazteen inguruko kezkak konpontzen saiatzeko egitasmoa ere abiarazi dute, botiloiaren arazoari begira. "Ondo pasatzea alkohola gehiegi kontsumitzearekin nahasten da sarri", Olatz Peonen arabera, eta koordinazio mahai bat sortu dute. Osakidetza, eskualdeko osasun burua, Ertzaintza, Udaltzaingoa, ikastetxeetako zuzendariak, Asuncion klinikako larrialdietako burua, Gurutze gorria eta udaleko langileak elkartu dira foro horretan, eta nerabeentzako programa bat garatzea izan da beren egitekoa. "Kontsumo horren prebentzioa denon lana da, eta koordinazio mahai horretatik gomendioz beteriko gutun bat bidali dugu Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietako ikasleen gurasoentzat".
Ehunka karroza eta konpartsatako parte hartzaileek, aisialdi taldeetako 1.300 neska-mutilek, txarangetako musikari eta txarangazaleek nahiz udalak berak, eguzkiak baiezkoa ematea besterik ez dute espero. Iragarpenik onena bilakatuko da, beraz, datozen egunotan, tolosarren biblia bakarra.