Segi dezala sasoiko!

M.Iraola 2016ko urt. 4a, 15:51

Loidik sartu zituen hiru golak

Partida aldapan gora jarri arren, Tolosak 1-3 irabazi du Oiartzunen aurka, eta beste aurrerapauso bat eman du sailkapenari begira.

Futbol zelaiaren egoera txarrak ere ez du Tolosaren joko filosofia aldatzen: jokatu eta jokatu, unea bilatu eta ezustekoa eman arte. Ostegunean hori gertatu zitzaion Oiartzunen aurka: "Zaila zen jokatzea, saiatu ginen eta nahi genuen bezala jokatu ez genuen arren, partida txukuna egin genuen" dio Justo Lillok.

Lehen zatian asko kosta izan zitzaion talde urdinari. Oiartzun hirugarren mailan izan zen iaz, eta nabari dela dio prestatzaile tolosarrak: "Ofizio askoko taldea da, indartsuak dira eta gogor defendatzen dute".

Txorakeria batek gauzak gehiago zaildu zizkion Tolosari. Ika mika baten ondorioz, epaileak Xeguri txartel gorria erakutsi zion lehen zatia amaitzear zela. Lillok juntuago jartzeko agindu zien bere mutilei.

Oraindik garaipena lortzean sinetsita ziren tolosarrak. "Jakitun ginen Oiartzunek lehen zatian korri asko egin zuela, eta nekatzen hasiko zirela. Hori aprobetxatu nahi izan genuen". Fisikoki ongi dago Tolosa, eta oiartzuarrak nekatzen hasi zirenerako, erritmo berean jarraitu zuen Tolosak.

Orduan azaldu zen Loidi. Amezketarrak sartu zituen Tolosaren hiru golak. Bigarrenaren eta hirugarrenaren artean, etxeko taldeak aldea murriztea lortu bazuen ere, hiru puntuek kolore urdina zuten. Hiru puntuek balio handiagoa dute, gainera, sailkapenari begiratuz gero, tarteak handitzen jarraitzen baitu Tolosak: Mutriku 11 puntura dago orain, berdindu ostean; Hondarribia eta Touring-ek ere berdindu egin zuten eta 12ra daude.

Datorren astean partida zaila du etxean Tolosak. Real Unionen bigarren taldea hartuko du Berazubin, larunbatean 16:30etik aurrera. "Indibidualki talde onena da. Gazteak izan arren, denak teknikoki oso onak eta azkarrak dira. Nabaritzen da zertarako dauden hor. Lehen taldearekin ere jokatu izan dute batzuk" dio Lillok.

Sasoiko dago Tolosa. Iraun dezala horrela!

Pos.   Taldea Puntuak JP IP BP GP EA AT KT 
1    TOLOSA C.F. 38   16   12   2   2   0   40   16  
2    ANAITASUNA C.D. 33   16   10   3   3   0   35   15  
3    OSTADAR S.K.T. 29   16   9   2   5   0   25   25  
4    HERNANI C.D. 28   16   8   4   4   0   24   19  
5    REAL UNION CLUB SAD 27   16   8   3   5   0   29   17  
6    MUTRIKU F.T. 27   16   8   3   5   0   25   24  
7    HONDARRIBIA F.E 26   16   7   5   4   0   28   19  
8    TOURING C.D. 26   16   8   2   6   0   19   15  
9    ALOÑA MENDI KE 24   16   6   6   4   0   21   19  
10    ZARAUTZ K.E. 22   16   6   4   6   0   22   18  
11    ELGOIBAR C.D. 20   16   6   2   8   0   18   26  
12    EUSKALDUNA S.D. 18   16   5   3   8   0   17   36  
13    MARTUTENE K.E. 17   16   4   5   7   0   18   20  
14    BETI GAZTE K.J.K.E. 16   16   4   4   8   0   21   27  
15    OIARTZUN K.E. 15   16   5   0   11   0   15   22  
16    ORDIZIA K.E. 15   16   3   6   7   0   21   26  
17    ORIOKO F.T. 12   16   3   3   10   0   13   27  
18    GETARIAKO KETA F.T. 10   16   3   1   12   0   16   36  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!