Zaplazteko batek batuta

M.Iraola 2015ko abe. 21a, 19:34

Pasa den urteko Easoren aurkako irudi bat

Partida txarra jokatu eta gero, 72-49 galdu du TAKEk Easoren aurka.


Zaplaztekoa jaso du TAKEk asteburuan. Arerio gogor baten aurka egin zuten neurketarik kaxkarrena tolosarrek, eta ordainetan alde handiko porrot bat: 72-49.

Partidaz ezer gutxi esan daiteke. Lehen minutuetan aurrea hartu zuen Gonzalezen taldeak, baina anekdota hutsa izan zen. Asmatzen hasi ziren donostiarrak, eta alde egin zuten markagailuan. TAKE, berriz, inpotentzian murgilduta: "Ez genuen behar bezala borrokatu, oinez irten ginen kantxara. Aurreko astekoarekin uste genuen edonoren kontra lehiatzeko gai ginela, baina ahaztu zitzaigun borrokarik gabe hori ez dela horrela" dio entrenatzaileak.

Arazoak ere ez ziren falta izan. Jon Azaldegi, Karim Birawi eta Telmo Igartuaren bajak izan zituzten. Hori gutxi balitz, Lander Lasa eta Beñat Azaldegi lehen laurdenean hiruna faltekin ziren. Bigarren taldeko Andoni Elustondok 20 minututik gora jokatu behar izan zituen, ondorioz. "Horrek poztu ninduen. Erakutsi zuen gai dela lehen taldearekin minutuak jokatzeko" azpimarratu du Gonzalezek.

"Umiltasun dosia". Horrela definitzen du prestatzaileak larunbatekoa. Atsedenaldian 21 puntuko aldea ageri zen markagailuan. Bigarren zatian, "estuago" hartu zuten aurkaria eta errenta hori ia mantendu zuten.

Zaplaztekoa jaso zuten kantxan, baina kanpoan batasuna zen nagusi: "Meriendatzera joan ginen guztiok batera. Horrekin gelditzen naiz. Une txarretan taldea ez da puskatzen, elkarrekin jarraitzen du". Urte berriak ekar ditzala zaplaztekorik gabeko merienda gehiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!