Odolki onenaren saria, Iñaki Zubeldia beasaindarrarentzat

Mikel Iraola 2015eko abenduaren 19a

San Blas elkarteak antolatutako Odolki lehiaketan 10 parte hartzaile izan dira. Beasaingo Iñaki Zubeldiarena izan da onena epaimahaiaren ustez.

Iaz bigarren saria irabazi zuen Iñaki Zubeldiak Tolosako 22. Odolki Lehiaketan. Aurten, berriz, txapela goierritarrarentzat izan da. Juani Urretabizkaiak jaso du bere izenean txapeldunaren garaikurra eta 150 euroko ordain-saria.

Pozik zen Urretabizkaia. Odolkiak egiteko sekreturen bat ote duten galdetuta, hauxe erantzun du: "Bertako produktuak erabiltzen ditugu, hemengo barazkiak eta Nafarroako tipulak. Neurriak hartuak ditut jada, hori izaten da zailena, bakoitzetik zenbat behar izaten den ondo neurtzea".

Aurtengoan, "ezberdintasun ugari" egon dela azpimarratu dute epaimahaikideek. "Batzuk esne-gaina zuten; bizpahiruk, berriz, pikante gehiegi. Hasieratik argi nuen zein odolkik irabaziko zuen" azaldu du Astelena jatetxeko Peio Doyharzabal sukaldari eta gaurko epaimahaiko kideak.

Bigarren saria, berriz, Tolosan geratu da. Muñagorri Harategiarentzat izan da. Gainerako parte hartzaileak hauek izan dira: Kepa Loidi oriotarra, Ezkio-Itsasoko Jesus Mari Deba, Beasaingo Olano Harategia, Ordiziako Mujika Odokiak eta Javier Otegi, Julian Mujika Azkue beasaindarra, Aiako Txarri Txiki eta Tolosako Sukia Harategia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!