Tolosako ikastetxeak, gabon jasangarri batzuen alde lanean

Mikel Iraola 2015eko abenduaren 18a

Tolosako bost ikastetxetako ikasleek apaingarri jasangarriz atondu dituzte herriko hainbat txoko, energia kontsumoa gutxitzeko helburuarekin.

Hirugarren urtez, Eskola Agenda 21 proiektuaren barruan, Tolosako ikasleek Gabonetako apaingarriak sortu eta jarri dituzte herrian, berrerabilitako materiala erabiliz. Ur botilak, PVC hodiak, margoak, papera, kartoia... dena izan dute baliogarri.

Ohiko argidun apaingarrien beharra gutxitzea da asmoa, energia gastua ekiditeko. Izan ere Patxi Amantegi ingurumen zinegotziaren esanetan, munduaren tenperatura igotzen ari den honetan, "energia eta baliabide naturalak xahutzen ari gara, eta planetak mugak dituenez, kontsumo ohiturak aldatzera behartura egongo gara".

Bost ikastetxek hartu dute parte, eta horietako bakoitzak Tolosako txoko bat apaindu du:

  • Hirukide: Zerkausia.
  • Orixe Institutua: Plaza Berria
  • Samaniego Ikastetxea: Berdura plaza
  • Laskorain Ikastola: Euskal Herria plaza
  • Inmakulada Ikastola: Kondeaneko aldapa

Amantegiren esanetan, "Tolosako ikastetxeek egin duten lanarekin argi geratzen da badela beste modu bat kaleak apaintzeko, energia gasturik eragin gabe eta lana eta ilusio asko jarriz".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!