Tolosako Udalak Ueman jarraituko du, beste urtebetez behintzat

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko abe. 16a, 09:40
2014an Tolosan ospatutako Udalerri Euskaldunen eguneko irudia.

Gaurko euskara batzordean jakinarazi du erabakia, udal gobernuak; 2016ko aurrekontuetan, 18.142 euroko partida bideratuko dute mankomunitatera.

Maiatzeko hauteskundeek ekarritako aldaketen bidetik, Tolosako euskalgintzaren inguruan zalantzaren itzala sortu zen. EAJko udal taldeak ez zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Ueman) sartzeko aldeko jarrerarik erakutsi oposizioan izandako lau urteetan eta, beraz, oposiziotik udal gobernurako jauzia emanda, Tolosa mankomunitate horretatik ateratzeko arriskua sortu zen.

Olatz Peon alkateak irailean bertan azaldu zuen, TOLOSALDEKO ATARIAri eskainitako elkarrizketan, gaur egungo zerbitzu eta baliabideekin Tolosako Udalak ez lukeela Ueman egon beharko: "Tolosak baliabide izugarri ditu euskararen bizi-berritzerako: udal euskaltegiak, euskara saila, Galtzaundi, euskara hutsezko komunikabideak,… Uema, berriz, oso garrantzitsua izan liteke baliabide horiek ez dituzten udalerri txikiagoentzat. Urriko batzarrean gure posizioa azalduko dugu: Uemak orain eskaintzen dituen zerbitzuekin, Tolosak ez luke barruan egon beharko".

Horrela, pasa den urriko batzar orokorraren ondoren, EAJ ere Uemako batzordean izango zela jakinarazi zuten, nahiz eta hiru udal, artean, erabakirik hartu gabe izan; horietako bat, Tolosakoa.

Negoziazio asteak

Eta, azkenean, duela zenbait aste iritsi zen albiste izan zitekeena: Tolosako Udalak Uematik irteteko erabakia hartua zuela, alegia, iraileko asmoei eutsiz. Gobernuak erabakitakoa iragartzea falta zen, ordea, euskara batzordetik pasatu ondoren; abenduaren 2tik 16ra atzeratu zuten azken erabakia plazaratzeko eguna.

Negoziazio asteak izan dira iragan berri direnak, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak "Tolosari egokitutako proposamen zehatzak" egin dituela jakinarazi dute, "elkarlanerako oinarriak jarriz". Horrenbestez, Tolosako udal gobernuak gaur goizeko euskara batzordean jakinarazi du, urtebeteko epean, gutxienez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izaten jarraituko duela;
2016ko aurrekontuetan 18.142 euroko partida bideratuko dute egitasmo horretara, gainera.

Erabakia iritsi bitartean, ordea, gaiak hizpidea eta kezka sortu ditu Tolosako euskalgintzan. Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko eguna baliatu zuen, Galtzaundi euskara taldeak, gutun baten bitartez, aferaren inguruko kezkak azaltzeko: "Tolosako Udalari Ueman mantentzeko eta Uema erabiltzeko deia egiten diogu, elkarrekin asko dugulako irabazteko; eta, elkarrengandik urrunduz, berriz, galtzeko". Plazaratu berri den albistearekin, ordea, «pozik» azaldu dira: «Eskaera bat egin genuen publikoki, eta publikoki esan nahi dugu, udalaren erabakiak poztu egin gaituela, hiztun komunitatearen interesak eta elkarlana lehenetsi dituztelako».

Bide beretik, herenegun Tolosako kultur etxean aurkeztutako Berrikasi/Berrikusi dokumentuaren aurkezpenean ere plazaratu zituzten haustura posible horren inguruko aurkako iritziak.

18.142 euro UEMArentzat

Tolosako Udalak ohar baten bidez adierazi duenez, datorren urtean 18.142 euroko diru ekarpena egitea onartu dute goizeko batzordean. Horrez gain, hauxe zihoen oharrak:

"Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Tolosari egokitutako proposamen zehatza egin du, eta horren azterketan murgilduta dago Udala. Elkarlanerako oinarriak jartzeko adostasuna bilatzeko nahia agerikoa da, eta horren baitan Udalak Tolosan euskararen normalizazioan eta erabileraren sustapenean esfortzu berezia egingo du".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!