Gutuna: "Euskarak denon beharra du"

Galtzaundiko zuzendaritza 2015ko abe. 2a, 12:38

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da. Eta badugu zertaz harro egon Tolosan. Duela 30 urteko datuekin parekatuta, hazi egin da erabilera.

Hala erakusten digute Kale Erabilera Neurketako datuek: haurren artean, %36ko erabileratik %66ra igaro da; gazteetan, % 19tik %62ra; helduetan, % 29tik %40ra; adinduetan, %39tik %30era. Beraz, zahartzaroan zirenek gehien hitz egiten zuten hizkuntza izatetik, haur eta gazteek gehien erabiltzen duten hizkuntza izatera igaro da euskara Tolosan. 35 urtetik beherakoen artean, gehien hitz egiten den hizkuntza da! Gainbeheran zetorren hizkuntza bat indarberritze prozesuan jartzea lortu dugu.

Izaera ezberdinetako ikastetxeek euskararen alde egindako apustuak badu horretan guztian zerikusirik. Baita hezkuntza ez formaleko aisi taldeetan, kirol entitateetan... egiten ari denak. Eta erronka berriak ditugu: 3. sektoreak eta lan munduak ere bere egin behar dute euskara. Lehen aipatu datuek, Tolosako lanbide institutuan egiten ari diren lanak... horretarako arrazoiak ematen dizkigute. Hala esan zigun Nelson Mandelak: «Pertsona bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz eginda, bere burura helduko zara. Bere hizkuntzan hitz eginda, bihotzera». Diferentziazioan, barne kohesioan, pertsuasioan... irabazteko baino ez dute beraz euskaraz eginez.

Kontuan hartzekoa da, halaber, Jon Sarasuak Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak liburuan esandakoa: euskararen «botilak zuloak ditu, betetze-erritmo jakin batetik behera ibiliz gero gehiago hustera egiten dutenak». Eta Tolosak eskaintzen dituen zerbitzuengatik eta 3. sektoreak duen indarragatik, bi esparru horiek ere, 3. sektorea eta lan mundua, bide horretan jartzea oso garrantzitsua da. Are gehiago, eskualde euskaldun bateko herriburua denean, Tolosaldekoa, alegia.

50.000 herritar inguru bizi diren eskualdean euskara hizkuntza erabiliena izateak, harriz beteriko bidean, euskararentzako pago eta haritzez osatutako basoa sortzea esan nahiko luke; arnastu eta hedatzen jarraitzeko gunea, alegia. Zailtasunak zailtasun, beraien eta beraien gurasoen sakrifizioz Tuteran nahiz Uztaritzen euskaraz ikasten ari diren haurrek etorkizun oparoago bat izateko bidea.

Eta, horretan guztian Uemak zeregin garrantzitsua du: eskualdea saretzeko, hizkuntza-politiken diseinuan laguntzeko, eskualdeko herri euskaldunak nahiz Euskal Herriko beste gune batzuetakoak elkar elikatuz lorpenak biderkatzeko, eskaintzen dituen zerbitzuak erabiliz merkataritzan eragiteko... Aldiz, Tolosa Uematik ateratzeak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak duen funtzioari uko egitetik haratago, euskaldunen komunitatean arrakalak, errezeloak, gaizki ulertuak... ekar ditzake.

Horregatik guztiagatik, dokumentu hau sinatzen dugunok, Tolosako Udalari Ueman mantentzeko eta Uema erabiltzeko deia egiten diogu, elkarrekin asko dugulako irabazteko; eta, elkarrengandik urrunduz, berriz, galtzeko. Udalerri Euskaldunen Egunean Euskara Batzordean eta Euskararen Mahaian biltzen garen eragile guztion parte hartzea sustatu genuen. Euskarak denon beharra duelako, orain ere, bakoitzak bere funtzioak betez, denok batean arraun egitea gustatuko litzaiguke.

Galtzaundiko zuzendaritzako kide diren: Xabier Saizar, Joseba Antxustegietxarte, Iñaki Olaetxea eta Manex Kortajarena

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!