Nerea Otaegi: "Ferialekuan entrenatzen dugu, eta badugu kezka edo beldur bat"

Asier Imaz 2015eko abenduaren 10a

Argazkian, Nerea Otaegi entrenatzailea

Espainiako txapeldunen entrenatzailea da Nerea Otaegi, Tolosa CF Gimnastika Erritmikoko kidea. Tolosarrarekin batera, entrenatzaile bezala, Arantxa Aristondo eta Sara Alonso aritzen dira.

Aurtengo Espainiako txapelketa lortzeko, aurretik beste hainbat domina ere lortu dituzue.
Gipuzkoakoan eta Euskadikoan ere lehen postuan amaitu zuten. Horiez gain, Nafarroan, Eibarren... beste hainbat txapelketatan ibili dira, eta gehienetan lehenengo amaitu dute. Horietatik bat nabarmentzekotan, Euskal Gym aipatuko nuke. Bertan Espainiako txapelketako talde ugari egon ziren, eta irabaztea lortu zuten.  
Non egiten dituzue entrenamenduak.
Ferialekuan. Astean hiru egunez, eta gero asteburuetan. Orain entrenatzeko lekurik gabe geratu gara, karrozak baitaude ferialekuan. Leku batetik bestera ahal dugun bezala ibiltzen gara.


Entrenatzeko baldintzarik onenak ez dituzuela dirudi.
Udaletxearekin Tolosa CF-en bitartez hainbat bilera egin ditugu, eta Uzturpeko frontoian edo Usabalen moldatzen gara, ahal dugun bezala.


Gune naturala kiroldegia izango litzateke, ezta?
Usabalen astelehenetan eta asteazkenetan bi ordu bakarrik ditugu. Maila honetako gimnastek hiru orduko entrenamenduak behar dituzte, eta beraz, aukera hori oso eskas geratzen zaigu. Horrez gain, gimnastika eskolak daude, eta talde asko egokitu behar izaten dira kiroldegiko ordutegira.


Ferialekua geratzen zaizue beraz.
Irakurri dugu ferialekua ondo jartzeko diru kopuru bat bideratuko dutela. Orain beldur edo kezka hori daukagu: ondo jartzen dutenean jende asko hara joatea eta gu kanpora bidaltzea.
Egun dagoen egoeran, gimnastikarako ez du ematen beste munduko azpiegitura bat denik.
Gaizki zegoenean inor ez da bertan egon, eta guk aprobetxatu dugu, gurasoen eta denon laguntzaz lekua ahal genuen erosoen jarriz. Tristea litzateke Espainiako bi urrezko domina lortu dituzten gimnastak ez edukitzea entrenatzeko lekurik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!