Kandela piztu, desioa eskatu eta...

Asier Imaz 2015ko abe. 10a, 11:02

Tolosa CF Gimnastika Erritmikoa taldea Espainiako txapeldun geratu zen Zaragozan, azaro amaieran. Bostekoa ondorengoek osatu zuten:

Joane Zugasti (Tolosa, 13 urte), Mireia Aldasoro (Ordizia, 14 urte), Iratxe Martin (Tolosa, 14 urte) Garazi Garmendia (Zaldibia, 13 urtea) eta Saroi Eskisabelek (Ordizia, 14 urte). Azken hau, maiatzean, norbanakoetan Espainiako txapelduna geratu zen.


Zaragozako abentura
Gimnastika erritmikoko denboraldia bi zatitan banatzen da. Norbanakoen mailan aritzen dira lehenik, eta ondoren taldeka. Tolosa CF-ek txapeldunak bietan ditu. Lehenik urrezko domina Saroi Eskisabelekin lortu zuen, eta ondoren, kadeteen taldearekin. Azken honetan, gimnastek pilotarekin egin zuten euren ariketa. Iaz ere txapeldun gelditu ziren Espainiakoan, eta aurtengoan presio pixka bat sentitu dutela esan du Garazi Garmendiak: «Batzuetan, iaz irabazi genuenez aurtengoa ere irabazi behar genuela ematen zuen. Baina ez da hain erraza. Entrenatzen denbora piloa sartzen dugu, eta gauza asko hartu behar dira kontuan horrelako emaitza lortzeko». Saroi Eskisabelek ere argi du: «Bi minutu t’erdian dena jokatzen duzu, eta hor edozer gerta daiteke».


Zaragozarako abentura asteazkenean hasi zen. «Goizean abiatu ginen autoz, eta iritsi ginenean zorua edo tapiza probatzeko pasea egin genuen. Osteguna libre genuen, baina inguruko pabiloi batean entrenatzen ibili ginen», gogoratzen dute. Ostiralean egin behar zuten euren ariketa, eta eguerdi aldean tokatu zitzaien.
Entrenamendu bakoitzean 10 aldiz, astean 40 bider, hilabetean... Horrenbeste ezagutzen duten abestia hasi zenean, bostak pilota eta gorputzak mugitzen hasi ziren. «Hurrengo urratsa zein den baino gehiago, prestatu dugun hori ondo egiten saiatzen zara», dio Joane Zugastik. Ariketa bukatu ondoren epaileen txanda izaten da. Puntuen unea honela gogoratzen du Zugastik: «Dantza bukatuta banku batean entrenatzailearekin geunden. Egin genituen akatsak esaten ari zitzaigun, Garazi builaka ikusi genuenean. Denok begiratu genuen orduan, eta emozio handia sentitu genuen, emaitza oso ona zelako».


Mireia Aldasorok eta Saroi Eskisabelek azaltzen dute puntuazioren kontua: «Kadeteetan zortzi epaile daude. Erdiek exekuzioa puntuatzen dute, eta besteek zailtasuna. Puntuazio handienaren eta txikienaren arteko bataz besteko bat egiten da gero, bai exekuzioan eta baita zailtasunean ere. Azkenik, bai zenbaki horiek batzen dira. Iaz zintak eta pilotak erabili genituen, eta aurten bostak pilotarekin aritu ginen. Horrek puntuazioa igo egiten du. Dantza perfektu egin izan bagenu, 17 puntu jasoko genituen».


Poztasuna 12,750 zenbakiak eman zien. Baina oraindik 30 talde gelditzen ziren. Iratxe Martinek kadeteen mailan 75 talde inguru zeudela zehazten du: «Ariketa sentsazio onekin bukatu genuen, baina oraindik asko gelditzen zen». Eta tartean aurkari zuzenak zeuden, Mireia Aldasorok dion bezala: «Oso urduri geunden. Oraindik Valentziarrak, euskaldunak... falta ziren. Lehia handia zegoen, beste urteetan baino handiagoa».
Taldeak pasa ahala, urrezko domina gero eta hurbilago zuten Tolosa CF-eko gimnastek. Eguerditik iluntzera bitarte txintxo zain egon ondoren, azken taldeak amaitu zuenean iritsi zen baieztapena; eta garaipenaren kantua: gurasoekin eta taldekideekin elkartu, kanpora atera, borobil batean bildu, eta... Somos la leche...


Amaierako kantua ez da gimnasta hauek duten ohitura bakarra. Zortean eta horrelako kontuetan sinisten dutenez, txapelketa aurretik euren errituala egin zuten, nahiz eta oraingoan dezente kosta zitzaien elementu guztiak biltzea. Mireia Aldasoro: «Pixka bat arraroak gara, eta iaz, ariketa egin aurretik, txerritxo batzuk genituen zortea emateko. Aurten batzuei ahaztu egin zitzaien, eta kandela batzuk erostea erabaki genuen. Gero sua behar genuen, baina taberna batera joan eta metxeroa ez ziguten saldu nahi izan. Tabernatik atera ginenean, ordea, Garazik metxero bat zuen». Nondik lortu zuen Garmendia berak esplikatzen du, misterio handirik gabe: «Mahai batean zegoen eta hartu egin nuen».


Behin metxeroa eta kandelak eskuan, bostak prest ziren erritualari hasiera emateko: «Mahai batean jarri genituen kandelak. Ondoren, argiak itzali eta kandelak piztu genituen, eta iaz egin genuen bezala, errezatu egin genuen... Iaz ondo atera zitzaigun, eta aurten zergatik ez berdina egin... Gero bakoitzak gurari edo desio bat eskatu genuen». Hori txapelketa hasi aurretik egin zuten, eta Garazi Garmendiak dion bezala, «uste dut guztion guraria bete egin zela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!