Pintxoka: mokadu onenaren lehia

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko abenduaren 2a

Irudian, 2013ko Mikologika astean antolaturiko pintxo lehiaketako mokadutxoak.

LEINN graduko zenbait ikaslek taberna arteko pintxo lehiaketa antolatu dute

Berrikuntza eta lidergoa ikasgai dute Hiku enpresako gazteek eta, unibertsitatearen bidetik, pintxo lehiaketa bat antolatu dute, Tolosan, datozen jai egunei begira.

Pintxoka izango da lehiaren izena, eta Alde Zaharreko nahiz inguruko 11 tabernak parte hartuko dute, Ainara Zabala antolatzaileak azaldu duenez: «Helburua jendea tabernaz taberna mugitzea da, pintxoak dastatu ditzaten. Beraz, zaila ikusten genuen herritarrak, esaterako, Plaza Berritik Iurre auzoraino mugitzea, pintxoak dastatzeko. Horrela, erdigunearen bueltan prestatu dugu guztia».

Pintxoek ezin izango duten edonolakoak izan, eta Pintxokan parte hartzeko, hiru baldintza bete beharko dituzte. Batetik, berritzaileak beharko dute izan, eta bertako produktu bat izan beharko dute, behinik behin. Azkenik, jaki osasuntsuak sortzea eskatu diete.

Zabalak azaldu duenez, «zenbait taberna Tolosako ezagunenetakoak dira, baina badira txikiak ere, beraz, jendea horietara mugitzeko bidea izango da lehiaketa».

Txuletaren Festarekin bat eginez, sari banaketa ekitaldia abenduaren 8an izango da, Zerkausian. Irabazleak, ordea, bi epaimahaik erabakiko dituzte. Tabernetako bezeroek izango dute hitza, batetik: Pintxokako pintxoak dastatzen dituztenek buzoi txiki bat izango dute tabernako barran, mokadua puntuatzeko. Bestetik, gastronomia elkarteko adituak tabernetatik pasatuko dira jakiak dastatzea, tabernariek jakin gabe.

Iritzi guztiek erabakiko dute, beraz, irabazlearen izena. Bezeroen artean, gainera, zozketak ere izango dira hilaren 8ko ekitaldian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!