Zerkausia pintxo berezien estalpe izango da, estreinakoz, Txuleta Festan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko abe. 2a, 13:49

Duela hamar urte abiarazitako Txuleta Festa abenduaren 5etik 8ra bitarte ospatuko dute; hitzaldi eta tailerrek ere osatuko dute berrikuntza sorta.

Abenduko lehen jai egunekin batera, Tolosan gastronomiaren aitzakian festa egiteko beste hitzordu bat sortzen da, urtero: Txuletaren Festa. Badira jada, hamar urte, egitasmo honen inguruan lanean hasi zirela, eta horixe nabarmendu nahi izan du, Olatz Peon alkateak, aurkezpenean: "Zerkausia biziberritzearekin batera, duela hamar urte festa honen lehen pausoak eman genituen, eta hitzordu garrantzitsu bilakatu da jada". 

Horrela, beraz, Casa Julian erretegiaren aitzindaritza hizpide izan du Nere Letamendia zinegotziak, "tolosarrei zerbait desberdina eskaintzen hasi" zirela nabarmenduz: "Beren bidetik sortu ziren gainontzeko erretegiak, eta Tolosako gastronomiaren ikurretako bai bilakatu da parrilan egindako idi txuleta". Horren harira, gainera, Nicolas Erretegiko Pedro Ruizek datu bitxi bat eskaini nahi izan du, izan ere, badirudi hastapen haietan parrilan erretzen zen haragia txahalkia zela, eta pixkana joan zirela idi haragia sartzen.

Kontuak kontu, duela ia 60 urte bezala, gaur egun ere, menu berbera da herritarrak liluratzen dituena: "Urdaiazpikoa, piperrak, haragia eta entsalada pixka bat zerbitzatzen genuen orduan ere, eta Txuletaren Festari ekin genionean, antzeko bideari jarraitzea erabaki genuen guztion artean", azaldu du.

Urteroko menua dastagai izango da, beraz, Zerkausiko jantoki erraldoian: momentuan xerraturiko ezkur urdaiazpiko iberikoa, Nafarroako esparragoak, Tuterako kukuluak, Lodosako piperrak, parrilan erretako txuleta, Idiazabal gazta eta, azkenik, Tolosako teilak, zigarrotxoak eta Xaxuak. Hori guztia dastatu nahi dutenek, gainera, oraindik ere badute txartelak erosteko aukera, Tolosaldea Tour-eko bulegoan bertan, 943 69 74 13 telefono zenbakian nahiz tour@tolosaldea.eus helbide elektronikoan.

Otorduak, berriz, honakoak izango dira: abenduaren 5ean bazkaltzeko nahiz afaltzeko aukera izango da, eta gainontzeko egunetan afariak eskainiko dituzte. Zerbitzatzen, gainera, Basque Culinary Center-eko ikasleak ariko dira.

Zizka-mizkak, Zerkausiko publikoa zabaltzeko

Ohiko moldeekin jarraitzeak ez die berrikuntzei aterik ixten eta, bide horretan, aurtengo Txuletaren Festak zenbait hitzordu berri izango ditu. Aipagarriena Zerkausitik bertatik irten gabe ezagutu ahal izango da, Zizka-mizka koxka gunea ezarriko baitute bertan; horrekin batera, hitzaldiak nahiz tailerrak ere hartuko ditu Zerkausiak.

Joxemari Barriola harakinak azaldu duenez, urteroko "kezka" bati erantzuna emanez iritsi da berrikuntza: "Mahaiari lau hanketako bat falta zitzaiola pentsatzen genuen urtero, eta zerbait egin behar genuela esaten genuen beti. Horrela, Fronton jatetxeak, 19-90 tabernak, Solana 4 tabernak, Batean-ek, Txomin parrillak, Imanol Zubelzuk eta guk geuk gune hori sortzea pentsatu dugu". Finean, pintxo bereziak dastatzeko gune bat izango da, edari nahiz jakiez zutik gozatzeko, taberna bat balitz bezala.

Zizka-mizka edo pintxo horiek guztiak Eusko Label produktuz eginak izango dira, eta 2 euro inguruko prezioa ezarriko diete: "Jende gaztea Zerkausira gerturatzea da helburu nagusia, Txuletaren Festa publiko zabalago bati irekitzeko".

Horrela, 12:00etatik 15:30era bitarte, eta 18:30etik 22:00etara bitarte, poteo-ibilbidea Zerkausira zabaltzeko aukera izango da, "ondo pasatzeko gunea" izango baita; DJa ere izango da larunbatean eta astelehenean.

Haragia, festarako aitzakia

Txuletaren Festaren inguruan, Tolosako aisia hamaika hitzorduk josiko dute, ostiraletik aurrera. Jarraian, egitarau osoa:

Abenduaren 5a, larunbata
Goizean. Asteroko merkatua izango da, eta Zerkausiko postuak Trianguloa plazan egongo dira.

11:30. Zesta puntako II. Elola Memorialaren finalerdiak, Beotibar pilotalekuan.

12:00. Parrila Tolosan hitzaldia eskainiko du Casa Julian erretegiko Matias Gorrotxategik, Zerkausian.

13:00. La vermuteria tailerra, Zerkausian.

18:00. Profesionalen arteko pilota partiduak, Beotibar pilotalekuan.

Abenduaren 6, larunbata
12:00. Txuleta Tolosan hitzaldia, Casa Nicolas erretegiko Pedro Ruizen eskutik, Zerkausian.

17:00. Pilota partiduak izango dira, Beotibar pilotalekuan, Tolosa CF-k antolatuta. Urretabizkaia-Peña ariko dira eta, ondoren, Titin-Telletxea bikotea Saralegi-Erasunen aurka ariko da.

Abenduaren 7a, astelehena
12:00. Children burger tailerra izango da, haurrentzat, Zerkausian.

19:00. Gin tonic lehiaketa izango da, amateur-entzat, Zerkausian.

Abenduaren 8a, asteartea
11:30. Zesta puntako II. Elola Memorialaren finala, Beotibar pilotalekuan.

12:00. Pintxoka lehiaketako babesleen produktuen zozketa, Zerkausian.

12:30. Pintxoka lehiaketako sari banaketa, Zerkausian.

* Santa Maria kapera nahiz Tolosako Udal Txistulari Banda kalean ariko dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!