Lehen fasea gainditu dute TAKEko neskek

M.Iraola 2015eko abenduaren 1a

Hil ala biziko norgehiagoka zuten tolosarrek, eta ez dute hutsik egin. Onenen artean kokatu da Iker Otaño eta Kepa Jauregiren taldea.

Uste baino gehiago konplikatuago, baina lortu dute. Esaldi bakarrean hori da lehen fasearen inguruan entrenatzaileek egiten duten balantzea. "Pozik gaude, derrigorrezkoa izan gabe, baina aurreko bi urteetan sailkatu garela ikusita, ulertzen genuelako barruan egon beharko genukeela. Pisu bat kendu dugu gainetik" dio Kepa Jauregik.

Azken jardunaldian Bera Bera Amararen aurka irabazteko beharra zuten tolosarrek aurrera egiteko. Horrela ez balitz hiru talderekin berdinduta geratuko litzateke, eta averagea galdua zuen. Unerik zailenetan, presioa kendu, beldurrak ahaztu eta indarrez aurrera egin zuten.

Ongi hasi zen TAKE. "Seguruenik ligako minuturik onenak jokatu genituen", azaldu du Jauregik. Bigarren laurdenean, ordea, 0-11ko partziala jaso zuten eta berdintzea lortu zuten donostiarrek. Hirugarren laurdena ez zen ona izan, eta azken laurdena bost puntu azpitik hasi zuten. Minutu bakarrean eman zioten tolosarrek buelta markagailuari, eta tentsio biziko azken minutuen ostean, 42-40 gailendu ziren.

Atsedenaren ostean, borrokara

Asteburuan atsedena izango dute neskek, eta abenduaren 12an ekingo diote bigarren faseari. Ligako bi multzoetatik lau onenak sailkatu dira, eta zortziek joan-etorriko ligaxka bat jokatuko dute. Horietako lau onenek lauko finala jokatuko dute azken txapelduna nor den erabakitzeko.

BKL, Luberri, Zarautz, Añorga, Hondarribia, Bera Bera Gros eta Bera Bera Amara dira, TAKErekin batera borroka horretan arituko direnak. Duela bi urte azken postuan amaitu zuten tolosarrek; pasa den urtean, berriz, lauko finalaren ateetan geratu ziren. Aurten, ordea, maila "asko" igo dela azpimarratu du Jauregik: "Lan asko egin beharko dugu, baina gogoz gaude".

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!