Tolosan GIB/HIESaren prebentziorako informazio puntu bat jarriko du Gehituk

Ataria 2015eko abenduaren 1a

Gehitu Elkarteak HIESaren (Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea) aurkako nazioarteko egunari begira herritarrentzako informazio puntu bat ezarri du Tolosan.

GIB/Sifilisaren prebentzio kanpainaren barnean beste pauso bat eman ahal izatea da helburua, eta Tolosa aukeratu dute Donostiatik kanpo Gipuzkoan horrelako erakusmahai bat jartzeko lehen herri gisa.

Uda guztian zehar Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herri eta hirietan (Hernani, Irun, Donostia, Astigarraga, Oiartzun, Azpeitia, Gasteiz, Bilbo…) prebentzio kanpaina egin ondoren, pauso bat gehiago eman eta Tolosako garagardo festan arlo honetan eginiko esku- hartzearen ondoren, bertan behin-betiko informazio puntu bat ezartzea erabaki du elkarteak.

Horrela, Tolosako kultur etxean erakusmahai bat ezarriko da GIB/HIESaren prebentzioari buruzko informazioarekin, baita kondoi, lubrifikatzaile eta froga azkarra egin ahal den lekuen mapekin.

Modu berean, orain arte Kultur etxean zein Aranburu liburutegian banatu diren Gehitu Magazine, LGTB inguruko informazioari buruzko aldizkariak, bertan uzten jarraituko ditu Gehituk. Material hau mundu guztiari zuzendua eta doakoa izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!