Poxpolo eta Konpainiak 'agur' esango die oholtzei, 20 urteren ondoren

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 26a, 12:48

Urtarrilaren 5ean azken emanaldia eskainiko du taldeak; sarrerak larunbatetik aurrera eskuragarri izango dira.

Eskolapioen ikastetxeko jaialdi bat girotzeko hasi zen guztia eta, geroztik, kontaezinak dira sortu dituzten ilusio, amets eta irribarreak. Pailazoak, haurren kontu baino, sarri, helduen kontuago direla erakutsi dute oholtzatik eta, sudur gorria janzten jarraituko duten arren, Poxpolo eta konpainia eszenatokitik jaitsiko da, urtarrilean.

Agerraldi hunkigarria eskaini zuten, asteazken iluntzean, eta bizitzaren gorabeherak hizpide izan zituzten, taldearen jarduna eteteko arrazoiak azaltzerakoan: «Lagunak gara, eta lehen denerako denbora izaten genuen: futbolerako, parrandarako, afariak egiteko eta pailazoen emanaldiak prestatzeko. Baina, orain, bestelako ardurak eta eginbeharrak ditugu».

Horrela, «dekadentzian erori baino», duintasunek emanaldiei agur esatea erdietsi dute.

Nola ez, oso gogoan izan dute Mokolo, duela sei urte zendu baitzen: «Umezurtz geratu ginen, eta ez genekien aurrera egiterik izango genuen, bera gabe. Egin genuen, baina ikusi duzuenez, ez da oso luzerako izan».

Horrela, Poxpolo eta Konpainiaren azken emanaldiekin batera, disko eta DVD bat ere plazaratuko dituzte, eta Mokoloren ahotsa mantendu dute bi grabaziotan: «20 urte, 20 kantu izango da bildumaren izena, eta gure kanturik ezagunenak elkartu nahi izan ditugu».

Urtarrilaren 5a, Errege bezpera, zinez egun berezia izango da taldearentzat eta haien ingurukoentzat. Tolosako Leidor aretoak eskainiko dituzte azken bi saioak, eta sarrera bihartik aurrera eskuragarri izango dira, bai Leidorreko leihatilan, bai Kutxako plataforma digitalean.

12:00etan eta 16:00etan izango dira emanaldiak, eta urteotan guztiotan babesa eman dieten guztiei eskerrak emateko modurik onena izango da, irribarreak margotuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!